Aretxabaletako Udal Gobernuak andramaixen balorazio positiboa egin du. Neurriak ezarri arren giro aparta izan dela adierazi dute, eta herritarren erantzuna paregabea izan dela nabarmendu, besteak beste. Honela adierazi du Ainhoa Cabero Artetxabaletako Kultura zinegotziak: "Orokorrean, egun lasaiak izan dira, eta herrian jende gutxi egon arren ekintzetara animatu dira aretxabaletarrak. Bi emanaldi nabarmendu ditugu: batetik, Noa & The Hell Drinkers taldearen kontzertua, eta, bestetik, Golden Apple Quartet taldeak jarri zuten giroa. Hauekin batera, haurrentzako hitzorduak ere oso ondo egon dira, Eriz magoa, herri kirolak... Arazorik ez da egon, nahiz eta botila festa jendetsuak izan diren… Horrekin batera, txosnaguneko funtzionamendu eta portaera txalotzekoa izan da, oso ondo antolatuta egon dira, ordutegiak eta neurriak errespetatu dituzte, eta behar bezala egin dituzte gauzak. Denok gaude benetako jaiak antolatzeko gogoz eta horrela jarraituz lortuko dugu".
Herrigunearen balorazioa
Atxabaltako Gazte Mugimenduak ere balorazio positiboa egin du: "Herrigunearen bidez gure helburu nagusiak bete genituen: jaietan espazio seguru bat zabaltzea eta herriko sortzaile eta kolektiboei urte osoko lana plazaratzeko aukera ematea. Orokorrean, oso pozik egon gaitezke jendeak izan duen erantzunarekin. Parte hartu dutenek jarrera ona izan dute eta kolaboratzeko prest egon dira. Antolakuntzak lan dezente eskatzen zuen aurten, baina jendearen erantzuna ikusita merezi izan duela besterik ezin dugu esan! Eskerrik asko gerturatu zineten guztiei!".