Ainhize Barrainkua eta Garazi Estevez, Espainiako Itzulian

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 1a, 16:56

Ainhize Barrainkua, eskumatik lehena, eta Garazi estevez, hirugarrena. Argazkia: Instagram.

Eguenetik domekara arte egingo dute Galizian lau etapa izango dituen emakumezkoen Espainiako Itzulia. Eta, Laboral Kutxako Ainhize Barrainkua eta Garazi Estevez aretxabaletarrak irteera puntuan izango dira, munduko ziklista onenekin batera. 

Emakumeen Laboral Kutxa taldea Ceratizit Challenge by La Vuelta itzulian lehiatuko da datozen egunotan. Lau etapako lasteterketa izango da, ostegunetik igandera, eta WorldTour mailako talde onenak izango dira Ourensen eta A Coruñan. Laboral Kutxako zuzendari Ion Lazkanok sei txirrindulari zuzenduko ditu, eta tartean izango dira Aretxabaletako Ainhize Barrainkua eta Garazi Estevez. Ez dute erronka makala, munduko ziklista onenak izango dituzte ondoan, esaterako, Annemiek van Vleuten (Movistar Women Team), Anna van der Breggen (Team SD Worx) eta Elisa Longo Borghini (Trek Segafredo). Hemen talde guztien zerrenda.  

Osteguneko eta larubateko saioak gorabeheratsuak dira; ostiralean, berriz, mendateko erlojupekoa da; eta esprinta espero da domekan Santiago de Compostelan. Guztira, 24 talde arituko dira. Aurreneko hiru etapak ordu bietan bukatuko dira; azkena, berriz, ordu batean. Eurosport eta GCN telebistek zuzenean eskainiko dute lasterketaren azken ordua. 

Ibilbidea:

  • Osteguna. 1. etapa: Estación Invernal Cabeza de Manzaneda - A Rua, 118,7 km
  • Ostirala. 2. etapa: Estación Invernal Cabeza de Manzaneda - Estación Invernal Cabeza de Manzaneda, 7,3 km (Erlojupekoa)
  • Larunbata. 3. etapa: Estación Invernal Cabeza de Manzaneda - Pereiro de Aguiar, 107,9 km
  • Igandea. 4. etapa: As Pontes - Santiago de Compostela, 107,4 km

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak