Estevez eta Barrainkua, Donostiako Klasikora

Xabier Urtzelai 2021ko uzt. 27a, 12:43

Garazi Estevez eta Ainhize Barrainkua. Argazkia: Euskadi Fundazioa.

Zapatuan, uztailak 31, jokatuko duten Donostiako Klasikoa berezia izango da Laboral Kutxako UCI Women´s Team taldearentzat. Ion Lazkanok zuzentzen dituen nesken lehenengo parte-hartzea izango da Donostiako lasterketan. Eta, irteera puntuan izango den seikoan Debagoieneko bi txirrindulari izango dira, Ainhize Barrainkua eta Garazi Estevez.

Badator Donostiako Klasikoa. Zapatukoa etxeko taldeendako urteko hitzordu handietako bat izango da. Gizonezkoetan Euskaltel Euskadi UCI Pro Tourreko oilarrekin lehiatzen saiatuko da –Mikel Aristi eta Julen Irizar ez dira lasterketan egongo– eta emakumezkoetan beste horrenbeste egingo dute Laboral Kutxako neskek. Hala, Ion Lazkano entrenatzaileak hitzordurako aukeratu dituenen artean daude Ainhize Barrainkua eta Garazi Estevez aretxabaletarrak. "Guretako opari handi bat da halako lasterketa batean parte-hartzea. Txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izango dugu, eta halako lasterketetan beti dago zer ikasia. Horixe izango da gure helburua, gure txirrindularien formazio prozesuan beste urrats bat ematea", adierazi du Lazkanok. 

Irizarrek eta Aristik beste hitzordu batzuk dituzte

Esan moduan, Euskalteleko ziklista bergararrak ez dira Donostian egongo, beste hitzordu batzuk dituzte-eta, Getxoko zirkuituan eta Gaztela Leonen, hurrenez hurren. Hala, Espainiako Vuelta begiz jota dutela, taldea hirutan zatitu du Azanza zuzendariak. Antonio Angulo, Julen Irizar, Iker Ballarín, Gari Bravo, Mikel Alonso, Txomin Juaristi eta Unai Cuadrado Gaztela eta Leonen ariko dira uztailaren 29an. Leonen hasi (13:30) eta Ponferradan amaituko den (18:30) lasterketarako gizon azkarren aldeko hautua egin du prestatzaile nafarrak.

Bigarren blokeak Donostiako Klasikoan parte-hartuko du. Luis Angel Mate, Mikel Bizkarra, Mikel Iturria, Joan Bou, Gotzon Martin, Ibai Azurmendi eta Xabier Mikel Azparren dira World Tour mailako lasterketan ariko direnak. Horietako asko Espainiako Itzulian ariko dira, eta Donostiako Klasikoan nolako pedal-kolpearekin dauden ikusteko froga ona izango da.

Asteko azken lasterketa Getxokoa izango da, Getxoko Zirkuitua. Antonio Angulo, Julen Irizar, Mikel Aristi, Juanjo Lobato, Txomin Juaristi, Antonio Soto eta Peio Goikoetxea dira aukeratuak, eta Gaztela eta Leonen bezala, txirrindulari azkarren aldeko apustua egin du Azanzak. Lasterketa abuztuaren 1ean jokatuko dute eta txirrindulariek 193 kilometro bete beharko dituzte.   

Aristi –argazkian– eta Irizar Getxon izango dira batera. Argazkia: Fundacion Euskadi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak