Arizmendi futbol taldeko harrobikoa –kadete mailan jokatu zuen bailarako taldean– Elene Errastik Gasteizerako bidea hartu zuen gazte mailan, eta Aurrera taldean jokatzen ibili da orain arte. Orain, babazorroak datorren denboraldira begira taldeak indartzen dabiltzan honetan, Errasti fitxatu dute –iaz Aurrerarekin eta Alavesekin tartekatzen zituen entrenamendu saioak–.
Hala, aurrelari aretxabaletarrak Arabako erreferentziako klubera egingo du salto. Elene dagoeneko aurre-denboraldia egiten dabil Alavesekin, eta Aretxabaletakoak Mikel Crespo entrenatzailearen aginduetara egon dadin egingo du lan, izan ere, berez, bigarren taldean izango du fitxa.
Bederatzi lagunarteko aurre-denboraldian
Gloriosas taldeak dagoeneko eman du aurre-denboraldian izango dituen partiduen berri, guztira bederatzi norgehiagoka jokatuko dituzte liga hasi aurretik. Uztailaren 31n lehenengo eta bigarren taldeko jokalarien artean lagunartekoa jokatuko dute, eta ondoren etorriko dira Laurus, Parquesol, Racing Feminas eta Logroñesen arteko lehia. Jarraian etorriko da Euskal Herria Kopa; final-erdiak Realaren kontra jokatuko dituzte (abuztuaren 22an), eta abuztuaren 25ean Osasuna izango dute aurrean. Hilaren 28an eta 29an, berriz, hirugarren postuan sailkatzeko partidua eta finala jokatuko dituzte.