Tubos lantegia zegoen orubean aldi baterako aparkalekua egokitzeko lanak egin ditu Udalak azken bi asteetan. Ortuzal enpresa da lursailaren jabea eta Udalari utzi dio 63 ibilgailurendako aparkalekua kokatzeko. Eta gaurtik aparka daiteke bertan.
Udalak bere gain hartu du egokitze-lanen kostua, eta Excavaciones Arrasate enpresari esleitu zizkion 42.000 euroren truke –BEZa barne–. Sastrakak kendu dituzte eta lursaila garbitu, eta ondoren geruza oso batekin bete. Aurrerago galibo-kontrol bat jarriko dutela adierazi du Udalak, autokarabanak sartzea eta aparkalekua egunetan okupatzea saihesteko; horrela, ibilgailuak txandakatzen joan daitezen. Horrez gain, gauez argiztatzeko fokuak jarriko dituzte.
Santa Kurtz kaleko eta haren inguruetako ur hornidura eta saneamendu sareak berritzeko lanen barruan dago aparkalekuaren egokitzapena. Hainbat aparkaleku kenduko dira lanok egin bitartean inguru horretan, eta galera hori konpentsatu gura dute Tuboseko orubean jarritakoarekin. Lan horiek udazkenera arte ez dira hasiko, baina Udalak erabaki du aparkaleku berria dagoeneko zabaltzea.