Udaleku irekiei agur esango diete gaur, jai giroa sortuta

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 23a, 08:10

Koordinatzaile lanetan jardun duten Loratuko kideak pozik daude hiru asteotako jardunarekin, eta hezitzaileek egindako "lan ona" nabarmendu dute.

Hiru asteko jardunari bukaera emango diote gaur udaleku irekietako kideek. Ekintza mordoa egin dituztela eta aparteko giroa sortu dela adierazi dute koordinatzaileek, Loratuko kideek, eta hori borobilduko dute gaur: Haur Hezkuntzakoek antzezlan motzak eta dantzak egingo dituzte eta Lehen Hezkuntzakoek musikarekin jolasean jardungo dute, Jon Ander Alberdi DJak lagun eginda.

Lan "ona, baina gogorra"

Loratuko kideak pozik daude udalekuetan egin den lanarekin, baina "oso gogorra" izan dela onartu dute. Lehen bi asteetan eguraldiak ez zien "askorik lagundu"; hala ere, asmatu zuten horri aurre egiten, Julen Peralesek eta Maialen Mendietak diotenez: "Aterpeak topatu genituen kiroldegian, udaletxe zaharrean eta gaztelekuan, esaterako, eta espazio itxietara egokitu genituen ekintzak, prebentzio neurriak zainduta beti". Gainerakoan, ginkanak, olinpiadak eta bestelako jarduera asko egin dituzte: "Ekintza politak izan dira eta umeak pozik ibili dira".

Azken astean hainbat positibo izan dira begiraleen artean eta horrek antolakuntza lanak zaildu dizkiete: "Talde batzuk hankamotz geratu dira eta koordinatzaileok ibili gara hezitzaile lanetan, hutsuneak betetzeko". Eta gaineratu dute: "Hezitzaileen lana nabarmendu gura dugu, hamaikakoa izan da. Egoerara moldatzen asmatu dute, eta bikain erantzun. Umeek ez dituzte igarri izan ditugun gorabeheratxoak". Hala, hezitzaile horiei guztiei zein gurasoei eskerrak eman gura izan dizkiete Peralesek eta Mendietak: "Gugan izan duten konfiantzagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak