Ixadebalde merkealdien azoka irailean beharrean uztailean egingo dute aurten Aretxarte merkatarien elkarteko kideek; hurrengo eguenean eta egubakoitzean hain zuzen ere . "Proba egitea erabaki dugu data aldatuta. Beste herri batzuetan ondo funtzionatu izan du", adierazi du Kilima arropa dendako Meritxell Serratok, eta Tak oinetako dendako Vanessa Borregok gaineratu: "Irailean oso lanpetuta egoten gara udazkeneko jeneroarekin, eta niri behintzat hobeto datorkit". Belar Metako Idoia Elexpururen ustez Aretxabaletan erostea bultzatuko du data berriak, herritarrak opor egunetan kanpora joan aurretik. Azokaren lehen egunean, gainera, musika izango dute lagun kaleak girotzeko.
Saldu bakoak
Bederatzi merkatarik jarriko dituzte postuak, bakoitzak bere dendaren aurrealdean; hona hemen horiek: Asensio, Kilima, Titare, Tak, Haurrak, Amaia ume denda, Belar Meta, Kiloka eta Hankabeltz. Lehenengo zazpiek udaberri eta uda sasoiko salgaiak eskainiko dituzte, prezio beheratuekin, eta azken biek, jatekoa eta edatekoa, besteak beste. "Prezioak ezin ditut jaitsi nik, baina azken produktuak, xaboiak eta kremak, adibidez, erakusteko azoka aproposa da Ixadebalde niretzat", adierazi du Kiloka dendako Kris Hernandez arduradunak.
Gainerakoek ohiko produktuak jarriko dituzte ikusgai eta salgai: uda sasoiko arropak, oinetakoak eta osagarriak, esaterako. "Eguraldiak ez du lagundu orain arte eta dendan geldi dugu jeneroa; hortaz, ondo etorriko zaigu", dio Haurrak dendako Silvia Alvarezek.
Sariak ere banatuko dituzte, aurrekoetan egin ohi duten legez; saltoki bakoitzak sari bat zozketatuko du bezeroen artean eta azoka bukatu aurretik banatu.
Laur otarre zozketatzeko
Aretxartek udako kanpaina ere badu abian egunotan, eta lau otarre zozketatuko ditu uztail bukaeran. Elkarteko kide guztiek produktu bana jarri dute eta bezeroen artean zozketatuko dituzte horiek. Otarreak ikusgai daude Durana kalean daukaten erakusleihoan.