Aretxabaletako Tomatearen Astea irailaren 6tik 12ra egingo da

Irene Jauregi 2021ko uzt. 20a, 11:06

Tomateen Erakusketa Popularra eta Ortuen Lehiaketa antolatu dituzte Tomatearen Astearen baitan eta irailaren 12an banatuko dituzte bi lehiaketetako sariak.

Urtero legez, Tomateen Erakusketa Popularrak eta Ortuen Lehiaketak ez dute hutsik egingo Aretxabaletako Tomatearen Astean; irailaren 6tik 12ra bitartean egingo da.

Hala, Tomateen Erakusketa Popularrean parte hartzeko interesa izanez gero, hona hemen oinarriak:

  • Aurrez eman beharko da izena, irailaren 3a baino lehen; infoturismo@debagoiena.eus edota Arkupe kultura etxean.
  • Debagoieneko edonork eman ahalko du izena.
  • Tomateak aurkeztu beharko dira irailaren 12an, 10:00etan, Durana kalean kokatuta egongo den txokoan.
  • Tomateak ikusgai egongo dira Durana kaleko txokoan irailaren 12an, 10:30etik 13:00etara bitartean.
  • Sariak banatuko dira 14:00etan.

Aurtengo lehiaketan honako hauek izango dira sarituak: tomate itsusiena eta aniztasun gehien aurkezten dituen pertsona. Irabazleek bertako produktuekin osatutako otarra jasoko dute.

Bestalde, tomate itsusiena hautatzeko, bertan jarriko den kutxan bozkatu beharko dute herritarrek, eta bozkatzen dutenen artean bertako produktuekin osatutako otarra zozketatuko da.

Ortuak lehian

Ortuen lehiaketak ere bere txokoa izango du Aretxabaletako Tomatearen Astean. Hala, bertan parte hartzea nahi izatekotan, honako hauek izango dira bete beharreko oinarriak:

  • Debagoieneko ortu guztiek hartu ahal izango dute parte lehiaketan, Aramaiokoek izan ezik.
  • Oso positiboki baloratuko da simaurketa edo lurraren ongarriketa biologikoa, lurra ondo landuta egotea eta ortua bere aspektu guztietan. Puntu gehien lortuko dute laborantza tradizionalera gehien gerturatzen direnak: ureztatze, landareen erabilera…
  • Aretxabaletako tomatearen landareak izatea ere oso positiboki baloratuko da.
  • Aurkeztutako landare kopurua eta hauen aniztasuna ere puntuagarria izango da.
  • Ortuan pozoiak erabiltzeak puntuak kenduko ditu; ez du punturik kenduko orturako erabiltzen diren landare-osasunerako produktuak erabiltzea.
  • Epaimahaia osatuko dute udalak izendatutako hainbat lagunek eta baratze-adituek.
  • Sari bat egongo da, azalera kontuan izan gabe, orturik onenarentzat: ortuko tresneria edota osagarriak erosteko 150 euroko bonua.

Saria irailaren 12an banatuko da Aretxabaletako Durana kalean, tomatearen inguruko azoka berezian, 14:00etan.

Parte hartu ahal izateko izena eman beharko da Arkupera joanda edota helbide honetara idatzita: infoturismo@debagoiena.eus. Horretarako azken eguna abuztuaren 5a da.

Informazio gehiago behar izatekotan, Arkupe kultur etxera jo daiteke, infoturismo@debagoiena.eus helbidera idatzi, edota 943 79 64 63 telefono zenbakira deitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak