Ohiko osoko bilkuran elkartu zen udalbatza eguaztenean, eta, hainbat gairen artean, Santa Kurtz kaleko hornidura eta saneamendu lanak izan zituen mahai gainean. Lanen zuzendaritza hautatzeko lizitaziora inor ez dela aurkeztu azaldu zuen Xabi Otxoa zinegotziak: "Diru kopurua baxua izan daiteke arrazoietako bat; horregatik, poltsa handitzea proposatzen dugu". Hala, 37.400 euro igotzea hori onartu zuten, Udal Gobernuaren aldeko botoekin; 2022ko diru partidan egingo dute igoera hori.
Bestetik, Urats Gain adinekoen egoitza izandako eraikinaren desafektazioa onartu zuten aho batez. Eraikin hori Eusko Jaurlaritzaren eskuetan utziko du Udalak osasun etxe berria egiteko, eta horretarako lehen pausoa izan zen.
Debagoieneko Mankomunitateko gizarte mapa garatzeko Aretxabaletako udal ordezkaria ere izendatu zuten; Karmele Uribarri Ongizate zinegotzia izango da. EH Bilduk adierazi zuen pertsona aproposa dela, baina eskatu zuen Mankomunitatean lantzen diren gaiak Udaleko batzordeetan ere "lantzea maiztasun handiagoarekin". Unai Elkoro alkateak ez zuen trabarik jarri horretarako: "Dokumentazioa ikusgai jarriko dugu, eta gero, zerbait egonez gero, landu".
Udal langileen egoera
Giza baliabideak arrazionalizatzeko plan estrategikoa ere onartu zuten, aho batez. Udal langileen egoera zehaztuko du horrek. "Badakit zeresan handia ematen dabilela langileen artean", zioen alkateak. EH Bilduko Ion Albizuk adierazi zuen "behin-behineko langile asko" daudela Udalean, bederatzi, eta 2024rako lanpostu horiek "legeztatuta" egon behar dutela, Espainiako Gobernuak argitaratutako 14/2021 dekretuak hala eskatzen duelako. "Lanpostuen definizioek eta hainbat osagarrik ere arreta behar dute", gaineratu zuen.
Adostasun zabalak eta plan zehatzak beharko direla aipatu zuen Albizuk, eta alkateak ere berretsi zuen adostasuna beharrezkoa izango dela. Plan hori garatzeko kanpoko aholkularitza eskatzea mahai gainean dutela azaldu zuen Elkorok.