Lagunartean, Espainiako Txapelketa irabazi izana gogoan

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 16a, 20:23

Joan den zapatuan elkartutako UDAko jokalari ohiak eta horien emazteak. (Argazkia: Jose Inazio Isasmendi).

Afizionatu mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen 1972an UDAk, eta lagun talde hura urtero elkartzen da.

UDAren historian denboraldirik bikainena jokatu zuen taldeko kideak urtero elkartzen dira –iaz izan ezik, pandemiaren erruz–, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Zazpi jokalari –batzuk emazteekin–, baten alarguna eta sasoi hartako presidentea elkartu ziren joan den zapatuan, Aretxabaletan.

50. urteurrena 2022an

Juan Arriaranen aginduetara talde horrek liga irabazi zuen lehenengo 1971-1972 denboraldian. Hirugarren Mailarako txartela lortu zuen gero, Afizionatu Mailako Gipuzkoako Txapelketa irabazi ere bai, eta, azkenik, gaurko egunez, 1972ko uztailaren 16an, Espainiako Txapelketa eskuratu. "Murtzian jokatutako partidua Loiola irratitik eman zuten. Audioa grabatu egin zuen oñatiar batek eta eskura dugu", azaldu du Jose Inazio Isasmendik.

Talde hartako kideak aurten ere elkartu dira mahaiaren bueltan. Hona hemen: Antonio Buceta Toño gasteiztarra, Joxe Migel Uribarren, Santi Idigoras, Pedro Unzuetaren alargun Rosa Mari Muñoa, Jose Inazio Isasmendi, Joseba Etxagibel arrasatearra, Jose Antonio Murgoitio, Jabier San Migel –orduko presidentea– eta Patxi Agirrezabalaga. "Aurten, 49. urteurrena izan dugu gogoan, eta 2022an, 50.a ospatuko dugu. Gainera, UDAk 75 urte beteko ditu datorren denboraldian eta ospakizun handiagoa egitea da asmoa, bizirik gauden taldekide guztiok elkartuta", dio Isasmendik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak