Portasol auzo ingurua girotuko dute asteburuan

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 16a, 13:25

Bizkaia kalean jarritako postu bat, orain dela bi urte egindako artisau azokan.

Jairik ez da izango aurten ere, baina, keinu bat egite aldera, bost ekitaldi antolatu dituzte zapaturako eta domekarako: grafiti erakustaldia, edozein adinetakoendako lasterketa, mus txapelketa, artisau azoka eta omenaldia Luisa Castro auzotarrari.

Iaz bertan behera utzi behar izan zituzten jaiak Portasol auzoan, eta aurten ere ez dira izango. Dena den, "ez galtzeko asmoarekin" horien ordezko ekitaldiak antolatzeko ahalegina egin dute. "Egoera ez da normala, baina ekitalditxo batzuk izango dira, keinu bat egitearren", adierazi du Juani Fabianek, antolatzaile taldeko kideak.

Lasterketa zapatu eguerdian

Grafitiek aurten ere lekua izango dute auzoko hormetan. Iaz bost marraztu zituzten eta aurten beste hiru egingo dituzte: Solohandi kalean Jowon grafiti-egileak, Araba ibilbidean Esanek eta Loramendi kalean –Aliprox inguruan– MutikoKristal-ek. Bihar eta etzi, goiz partean, egongo dira lanean, eta auzotarrek bertatik bertara ikusteko aukera izango dute.

Aurreko urteetan arrakasta handia izan duen lasterketak ez du hutsik egingo. Bihar izango da (12:30), Bizkaia kalean, eta izena aurretik eman beharko dute euskaltegiaren aurrealdean (12:00) neska-mutikoek zein helduek. "Dortsalak eta dominak gertu ditugu; gertura daitezela gura duten guztiek", dio Fabianek.

Mus txapelketa ere jokatuko dute (16:00), Goiaran erretegiaren eta Azkena tabernaren inguruan.

Gozoki dendako Luisa

Artisau azokarekin esnatuko dira auzotarrak domekan. Bizkaia kalean jarriko dituzte postuak (10:30), hogei, eta han egongo dira eguerdira arte: "Norberak etxean egindakoek eta bigarren eskuko materialak izango dute lekua", azaldu du Fabianek. Eta, hain zuzen ere, Bizkaia kale horretan urte askoan gozoki denda izan zuen Luisa Castro omenduko dute, 13:30ean: "Auzoan inor ezaguna izan bada, Luisa da hori, haren gozoki dendatik pasatu ginelako gehienok. Eta hark beti izaten zuen irribarre bat guztiontzat". Horiez gain, barrakak ere izango dituzte neska-mutikoek egunotan, Gipuzkoa plazan.

Antolatzaileek badakite ekitaldi batzuen falta igarriko dutela auzotarrek: "Paella txapelketa, adibidez; horren eske daude hainbat. Baina ez da samurra izango hori kudeatzea, eta, hortaz, datorren urtean izan beharko du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak