Aitor Bengoa: "Arriskuan jarri izan dut argazki-ekipoa sarritan"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko uzt. 14a, 18:29

'Poli' argazkilaria Arkupeko erakusketan jarritako argazkien aurrean.

Punk-rock taldeak ditu, bereziki, Aitor Bengoa Poli-k gustuko, eta, orain dela bost urtetik, kontzertu askotara eramaten du argazki-kamera. "Milaka" argazki ditu; horietatik 22 aukeratu ditu herriko Arkupe aretoan duen bildumarako; uztailaren 30era bitartean dago erakusketa ikusgai –astelehenetik egubakoitzera, 11:00-13:00 eta 18:00-20:00–.

Honen guztiaren atzean kontzertu asko; nola egin duzu aukeraketa?

Hori izan da lanik zailena. Hiru lagunen artean egin dugu aukeraketa eta oso zaila izan da iritziak bateratzea; bazterkin pila bat egin ditugu azken bilduma osatzeko. Taldeak ez errepikatzen saiatu naiz, eta enkoadraketa ezberdinak erakusten ere bai: plano itxiak, zabalagoak...

Denak dira koloretan, baina zuri-beltzean ere badituzu, ezta?

Bai, eta gustatuko litzaidake beste erakusketa bat egitea halakoekin. Koloretako argazkiekin egitea erabaki nuen oraingoan; ikusiko duzuen moduan, kolore bizi-zalea naiz.

Argazkiak ateratzeko orduan gustuko talderik baduzu?

Pila bat! Jokoa ematen dute talde asko daude-eta, asko mugitzen den abeslaria dutelako, adibidez. Etxeko taldeei dagokienez, Arkada Social, Des-kontrol, Guilty Brigade, Desakato, Brigade Loco... Eta atzerrikoen artean, adibidez, Baboon Show taldearen oso zalea naiz eta NOFX taldearen argazkiak ere erakutsi ditut.

Prestaketa berezirik egiten duzu?

Ezagutzen ditudan taldeak dira, gehienetan, eta, horregatik, momentu bereziak zeintzuk izan daitezkeen harrapatzen saiatzen naiz. Dena dela, argazkiak ateratzen hasi aurretik, lehenago taldea ikustea gustatzen zait, prest egoteko gero.

Musika estilo batekoak guztiak.

Bai; normalean, punk-rock kontzertuetara joaten naiz, makarra musika asko gustatzen zait.

Gizonezkoak dira, gehienbat, argazkietako protagonistak. Dagoen musika eszenaren erakusle?

Hala da, bai; emakumezkoen talde gutxi daude oraindik ere. Hala ere, baditut batzuk, baina bilduma honetan bi bakarrik daude: Ana Curra eta Cecilia (Baboon Shown).

Halako argazkiak ateratzeko, musikariengandik oso gertu egon behar duzu. Eurek jakiten dute zu han zaudela?

Saiatzen naiz beti beltzez jantzita joaten, ahalik eta gutxien igartzeko han nagoela. Musikariek jakiten dute han nagoela, noski, akreditazioa eurek ematen didate eta. Zortea daukat akreditazioa izaten dudalako beti, eta horrek taularen gainean eta aretoko beste toki askotan ibiltzeko aukera ematen dit, eta horrela lortzen dut gero ikuspegi ezberdinetako argazkiak ateratzea. Oso gustuko dut, esaterako, bateriaren atzean egotea, asko gustatzen zait ikuspuntu hori, taldea eta publikoa batera ateratzeko.

Eta musikariek eskatzen dizkizute?

Mundu hau oso traketsa da, dena doan gura dute. Eurek jotzearren dirua jasotzen dute, baina argazkilariok dirua eskatzea ez zaie askori gustatzen. Beste batzuetan, musikariek eskatzen didate kontzertura joateko, aurrez aurrekontu bat adostuta. Hasieran hainbat oparitu nituen, baina kontua da argazkien atzean gastu batzuk daudela; izan ere, Bartzelonara, Madrilera, Kantabriara... joaten naiz, eta horrek esan gura du erregaia, lo egiteko tokia... ordaindu behar ditudala.

Pandemia sasoian ez da kontzertu askorik izan; joateko aukerarik izan duzu?

Asteburu guztietan ibili naiz, zortea dut akreditazioak lortzeko. Dena dela, publikoa eserita egoteak xarma asko kentzen du –jendearen keinuak, saltoak...–. Arriskuan jarri dut argazki-ekipoa sarritan, baina hala behar du barrutik argazki onak ateratzeko!

Libururik argitaratzeko asmorik?

Ez litzateke gaizki egongo! Baina guztiaren atzean dirua dago; beraz, norbait laguntzeko prest izanez gero, zergatik ez, ezta?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak