Kuku Miku elkartea, ateak irekitzeko "gogoz"

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 7a, 08:45

Ume batzuk jolasean heldu batekin Kuku Mikuren egoitzan, egoitza itxi aurretik.

6 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoen elkarteak Durana kalearen atzeko partean du egoitza eta iazko martxoaz geroztik itxita dago. Guraso-eskolak, baina, lanean jarraitu du, online, eta datorren ikasturterako izen-emate epea zabaldu ere bai.

Konfinamendua hasi zenean itxi zituen ateak Kuku Miku elkarteak, 2020ko martxoan, eta ordutik ez ditu zabaldu –nahiz eta ikasturte bukaeran ludotekako umeak egon han, Udalak hala eskatuta– . Horrek ez du esan gura geldi egon direnik; izan ere, elkarte barruan abian jarritako guraso-eskolak bere bidea jarraitu du, telematikoki izan arren. Orain, datorren ikasturtea antolatzen hasi dira eta, taldean lekua dutenez, izena emateko epea zabaldu dute.

Saio praktikoak eta dinamikoak

Hamabost laguneko taldea dabil lanean, Nerea Mendizabal psikopedagogoak gidatuta, eta lau lagunendako lekua daukate orain. Hilabetean behin elkartzen dira, eguenetan (17:45-19:45), eta, online saioak egin badituzte ere azken urtean, aurrez aurrekoari ekiteko gogoz daude. "Balorazio ona egin dugu. Sarritan gai sakonei heldu arren, horiek etxetik lantzen ere asmatu dugula uste dut", adierazi du Oihana Garcia Insausti kideak.

Eskolaren helburua da egunerokoan sortzen diren zalantzak, gatazkak edo zailtasunak partekatzeko gune babestu bat eskaintzea eta seme-alaben hazierarako behar dituzten baliabide eta ezagutzekin janztea gurasoak. Askotariko gaien bueltan jarduten dute: "Gurasook eramaten ditugun gaiak bideratzen ditu Mendizabalek, gai zehatzak, bakoitzak bere etxean dituen arazoak eta zalantzak". Komunikazio ez bortitzean da aditua psikopedagogoa, eta haur masajean ere bai, baina gaiak "ikuspegi zabaletik" lantzen dituzte: "Familia barruko kontuen eta bikote harremanen gainean ere jardun izan dugu".

Izena emateko edo argibide gehiagorako, 625 42 31 25 telefono zenbakira deitu daiteke, edo kukumikuelkartea@gmail.com helbidera idatzi.

Irailean erabakitzeko

Une honetan 30 familia dira bazkide Kuku Mikun, "urte berezia" izan delako; aurreko ikasturtean, esaterako, 43 ziren. Irailera begira, Durana kalearen atzeko partean duten egoitzaren ateak zabaltzeko gogoz daude. "Iaz egindako asanbladan adostu zen egoera aldatu ahala elkartuko ginela erabakiak hartzeko. Oraindik ez dugu ezer egin, baina egoeraren bilakaera aztertuta irailean erabakiko dugu, nire ustez". Ateak zabaltzearekin batera normaltasuna berreskuratzea da helburua, eta formakuntza saioak eta beste hainbat ikastaro eskaintzea. "Proiektu berriren bat ere badugu esku artean", aurreratu du Garcia Insaustik

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak