Kultura Sailak bultzada beharra duela uste du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 2a, 08:01

Kontzertua txosnagunean, 2019ko Andramaixetan.

Andramaixen bueltako ekitaldiak antolatzeko orduan gazteen ekarpenik ez dela jaso adierazi dute.

Aretxabaletako EH Bilduko kideek adierazi dute "dena edo ezer ez" eskema erabili dela azken hilabeteotan eta hori irauli beharra dagoela: "Uste dugu asko ikasi dugula urte honetan eta, agian, zerbait egiteko prest geundela aurten". Penatuta agertu dira San Juan bezperako ekitaldirik egin ez izanaz: "Egoeraren eboluzioa nondik nora joango zen ezin jakin, baina kintoek izan zezaketen hainbat proposamen landu gabe utzi dira". Dena den, baikor agertu dira: "Egoerak horrela pentsatzera eramaten gaitu, nahiz eta oraindik neurriak mantendu behar ditugun".

Eragileen parte-hartzea

Kultura eta herriko bizitza aktibatzeko indarrak batzea ezinbestekoa dela uste dute. Hori horrela, orain dela bi hilabete inguru proposamen zehatz bat egin zutela azaldu dute: "Herriko kolektibo guztiak elkartu eta udari buelta bat ematea zen helburua. Zertxobait, eta era isolatuan, irten da aurrera proposamen horretatik, baina komunean egindako lanari garrantzia kendu zaio".

Andramaixetara begira jarri dira EH Bilduko kideak eta jaietan inplikatuta egon izan diren eragileak eta norbanakoak kontuan hartzea proposatu dute, guztien konpromisoa eta indarren batura ezinbestekotzat jota: "Baina ez da jaietan inplikatuta dauden eragileekin kontatu. Denok dakigu zein garrantzitsua den gazteen ekarpena, bereziki data horietan, eta ez dira haiek aintzat hartu".

Hori horrela, Kultura Sailari "bultzada berri bat" emateko beharra ikusten dute, "antolatzeko eta egiteko moduak aldatuta eta eragile guztien parte-hartze iraunkorra bermatuta". Gaineratu dute programazioa herriko eragileekin egiten denean hazi egiten dela horren potentzialtasuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak