Santa Kurtz kaleko lanak lizitaziora ateratzea onartu dute

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 1a, 17:00

Ion Albizu, Irati Pagoaga, Jasone Garziaetxabe, Unai Elkoro eta Karmele Uribarri eguazteneko osoko bilkuran, aurrean Xabier Mendizabal idazkaria dela.

Ezohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak atzo, eguaztena, eta bi gai izan zituzten mahai gainean: batetik, Santa Kurtz kaleko lanak lehiaketara ateratzea; eta bestetik, EH Bilduko Irati Pagoagaren kargu-uztea.

Santa Kurtzeko eta inguruko hainbat kaletako saneamendu eta hornidura plan berezia abian jartzeko lanak lizitaziora ateratzea onartu zuen udalbatzak eguaztenean egindako ezohiko osoko bilkuran. Udal Gobernuaren babesa jaso zuen eta EH Bilduko zinegotziek abstentzioaren alde egin zuten.

Lanen aurrekontua 2.334.849 euro da –BEZa barne– eta 2021eko eta 2022ko udal aurrekontuetan sartuko dute horren ordainketa. Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak azaldu zuen udazkenean hastea dela asmoa eta urtebete iraungo dutela. Santa Kurtz kale inguruan bizi direnen egunerokoan "eragin handia" izango dute lanok eta pazientzia eskatu zieten udalbatzako kideek bizilagunei. Dena den, Otxoak argitu zuen larrialdi zerbitzuetarako sartu-irteerak bermatuko dituztela eta Tubos lantegi inguruan behin-behineko aparkaleku bat jarriko dela.

Kargu-uztea

Bilkura horretan, EH Bilduko kide Irati Pagoagak zinegotzi kargua utzi zuen. Sei urte egin ditu, guztira: "Aberasgarria eta une batzuetan gogorra izan da, exijentzia handikoa ere bai. Baina elkarlanerako gogoa topatu dut, diferentziak diferentzia". Udalbatza osatzen duten kide guztiak zein udaletxeko teknikariak eskertu zituen, laguntzeko erakutsitako prestutasunagatik. Pagoagak utzitako lekua Naiara Olabarriak beteko du; asmoa da uztaileko osoko bilkuran kargua hartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak