Antzerkia, zirkuko-jokoak eta dantza izango dira uztaileko kultur egitarauaren ardatz nagusiak, eta Udaleko Kultura Sailak lau ikuskizun aukeratu ditu, herritar guztiendako gustagarri izango direlakoan. "Kulturari ahal den espazio handiena ematen jarraitu gura dugu eta era berean, ikuskizunak kalera aterata herria animatu", adierazi du Ainhoa Cabero zinegotziak. Emanaldi guztiak izango dira eguaztenetan, kalean, eta jakinarazi dute edukiera eta prebentzio neurriak zainduko dituztela.
Trapu Zaharraren komedia
Datorren eguaztenean, uztailaren 7an, Aretxabaletan ondo ezagutzen duten Trapu Zaharra taldea etorriko da Por hacer un favor lan berriarekin komentuko lorategira (19:00). Ohi legez, umorea eta ironia uztartuko dituzte eta beldur eszenikoa duen politikari baten gorabeherak kontatu Santi Ugalde eta Lierni Fresnedo aktoreek.
Erre Produkzioak taldeak, ostera, etxeko txikienendako ikuskizuna ekarriko du hilaren 14an: Piraten istorio bat. Itsaso zakarraren zorigaitzak, gaueko magia eta adiskidetasunaren boterea ezagutuko dituzte neska-mutikoek, keinuen bidez kontatutako istorio dibertigarrian. Herriko Plazan izango da hori (19:00).
Gazte dantza ikuskizuna
Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak, ostera, elkarlanean ekoiztutako hirugarren lana erakutsiko dute: Gazte. Uztailaren 2an Hondarribian aurkeztuko dute eta 21ean Herriko Plazan izango da (19:00). 17 eta 25 urte bitarteko hamahiru dantzarik eta bi musikarik –DJ bat eta saxofoi jotzaile bat–, euskal dantza tradizionaletik abiatuta, dantza moderno batzuk jorratzen dituzte, ahotsari eta testuari lekua emanda, gainera. Agurtzane Intxaurragak zuzendutako lana da eta koreografia, Kukai dantza konpainiako sortzaileetako bat den Eneko Gilena. Lana izendatzeko orduan zera adierazi dute: "Kaleko dantza ikuskizun da. Gazteekin egina, gazteak mintzo eta mintzagai, eta publiko guztiari zuzendua".
Uztaileko egitaraua Malas Compañias zirku taldearen umoreak eta clown saioak itxiko du, Prozak ikuskizuna eskainita. Hilaren 28an izango da Kurtzebarri eskolako kantxan (19:00). Barrea eta emozioa eskainiko dituzte akrobaziek eta beste hainbat jokok lagun eginda.
Zinema, kalean
Bestetik, Gazteria Sailak zinema antolatu du nerabeendako. Abentura eta akzioa gustuko dutenei bi film eskainiko dizkiete, egubakoitzetan, Herriko Plazan (22:00); uztailaren 9an, Jumanji siguiente nivel (Estatu Batuak, 2019, 123 min.) izango dute eta hilaren 16an, Bad boys for life (Estatu Batuak, 2020, 123 min.).
Kontzertua Ixadebalde barruan
Irailean beharrean uztailean egingo du Ixadebalde azoka Aretxarte merkatarien elkarteak, eta horren bueltan Screamers and Sinners taldearen kontzertua antolatu du Kultura Sailak. Zuzeneko emanaldietarako "gogotsu" dago talde aretxabaletarra eta kanturik ezagunenak eskainiko dizkie herrikideei; uztailaren 22an izango da (19:30).
Poli-ren erakusketa
Arkupeko erakusketa aretoak uztailean ere zabalduko ditu ateak, eta oraingoan izango da Aitor Bengoa Poli argazkilari aretxabaletarraren lanak erakusteko. Kontzertuetan hainbat talderi ateratako argazkiak erakutsiko ditu astelehenetik.