Uztailaren 5ean emango diete hasiera udaleku irekiei 325 umerekin

Irene Jauregi Velasco 2021ko uzt. 1a, 12:49

Maialen Mendieta (Loratu), Maider Etxaniz (Udaleko gazteria teknikaria) eta Julen Perales (Loratu).

4 eta 12 urte bitarteko 325 neska-mutiko eta 37 begirale elkartuko dira aurten Aretxabaletan antolatuko diren udaleku irekietan. Uztailaren 5etik 23ra bitartean egunero elkartuko dira, goizez.

Aretxabaletako Udalak antolatu eta Loratu elkarteak koordinatuko ditu udaleku irekiak. Arrakasta handia izan du aurtengo deialdiak; izan ere, 300 umek baino gehiagok eman du izena. Astelehenean hasita hiru astez elkartuko dira astelehenetik egubakoitzera bitartean, 09:00etatik 13:00etara, eta gaztetxoenak, 2017an jaiotakoak, 10:00etatik 13:00etara.

Hamar laguneko taldeak osatuko dituzte, funtzionamendu independentea izango duten "talde burbuilak" hain zuzen ere. Hainbat jarduera egingo dituzte, guztiak ere ez aspertzeko helburuarekin. Beste ekintza batzuen artean, uraren eguna, mozorro eguna, altxorraren eguna, buztin tailerra, lid-dupa, fruta tailerra, karaokea, taldeko kamisetak egin, eskulanak, tirolina edota body painting-a egingo dituzte etxeko txikienek.

Gainera, herriko hainbat lekutara ere gerturatuko dira; besteak beste, honako hauetan elkartuko dira: Otala Zelai, skate parka, pilotalekua, Apotzaga auzoa, Iralabarriko plazatxoa, Kurtzebarri eskolako kantxa, Galartza auzoa, Urkulu eta komentua.

Prebentzio neurriak

Udaleku irekietako koordinatzaileek COVID-19aren aurrean hartu beharreko derrigorrezko higiene eta prebentzio neurri ezberdinak ezarri dituzte; hona hemen horiek:

  • Haurrak etxetik tenperatura hartuta joatea gurasoen ardura izango da.
  • LHkoentzat nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea.
  • Haur bakoitzak egunero motxila batean ondokoak eraman beharko ditu: gel hidroalkoholiko pote bat, hamarretakoa, ura eta eguzkitako krema.
  • Partaideren batek udalekuetako ordutegia baino lehenago joan edo irten behar izan ezkero, aurrez adierazi behar izango du; zuzendariak antolatuko du nola egingo den joan-etorria.
  • Begiraleak talde partaideen osasun egoeraren berri informatuak mantendu beharko dira.
  • Partaideren batek medikura joan behar izan ezkero, programaren zuzendaria informatu beharko da COVID-19arekin loturiko sintomagatik den ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak