Elkarretaratzea deitu dute Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako

Mirari Altube Arrese 2021ko eka. 25a, 16:00

Aretxabaletako Udalak bat egin du "LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin", eta Aretxabaletako Mugimendu Feministarekin batera, herritarrak gonbidatu ditu ekainaren 28an, egingo den elkarretaratzera; Herriko Plazan izango da, 19:00etan. Aurretik, 18:00etan, Pikarraituz talde feministak mobilizazioa deitu du Harrotasunetik sistema irauli leloarekin.

 

Adierazpen instituzionala

Adierazpen instituzional bidez adierazi du Udalak LGTBIQ+ pertsonen eskubide indibidual eta kolektiboen eskubide unibertsalen aldeko konpromisoa. Horiek egindako borroka "luze eta ordainezina" aitortu gura izan dute, eta, "errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko lanean" segitzeko konpromisoa hartu.

Hona hemen adierazpena osorik:

"52 urte igaro dira Stonewall-eko lesbiana, gay, bisexual, eta transexualak kalera atera zirenetik. Data horrek, inolako zalantza barik, inflexio-puntu bat markatu zuen LGTBIQ+ kolektiboarentzat, eta 1981. urtean, Europar Kontseiluak sexu autodeterminazio eskubidea aitortu zien emakume eta gizonezkoei. Hala eta guztiz ere, berrogei urte geroago, ikerketek, inkestek eta txostenek erakusten dute LGTBIQ+ pertsonen kontrako diskriminazioa eta gorroto diskurtsoa hazten ari direla Europar Batasun osoan.

Eta horrela da. Aurrerapauso handiak eman diren arren, gaur egun lan handia dago oraindik egiteko. Izan ere, kontuan izan behar da gurean oraindik sarritan gertatzen direla oinarrian sexu eta genero aniztasunaren kontrako intolerantziak eragindako gertakariak. Hilabete honetan bertan Basaurin egondako eraso homofoboa horren adibide garbia da. Horregatik da hain garrantzitsua kolektibo honek jasaten duen diskriminazioaz hitz egiten jarraitzea, horren aurka egin eta berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzen joateko.

Pertsona lesbianek, gayek, bisexualek, transexualek eta intersexualek, generoagatik, orientazio sexualagatik edota genero identitateagatik jasaten duten indarkeria eta diskriminazioaz gain, kalte larriak pairatu dituzte COVID-19aren ondorioz bizi dugun osasun krisi honetan. Hori dela eta, ezinbestekoa da COVID-19ak LGTBIQ+ pertsonengan izan dituen ondorioak kontuan hartzea, eta egoera horri erantzuna ematea.

Garaiz gabiltza garai berri bati ekiteko, aukera dugu jendarte justuago, duinago, askeago eta errespetu handiagoko baterantz aurrera egiteko. Horregatik, gaurkoan, LGTBIQ+ pertsonek eta kolektiboak egin duten borroka luze eta ordainezina aitortu nahi dugu. Baina gure adierazpena ez dugu soilik gaurko egunera mugatu nahi, LGTBIQ+ pertsonen eskubideak urteko egun guztietan aldarrikatu behar baititugu. Hori dela eta, Aretxabaletako Udalaren konpromisoa da aniztasunaren eta berdintasunaren alde lan egitea, eta LGTBIQ+ pertsonen eskubide indibidual eta kolektiboak bermatzeko lanean jarraitzea.

Horrela bada, LGTBIQ+ pertsonen eskubide unibertsalen aldeko konpromisoa adierazi nahi dugu, eta baita berdintasunean eta errespetuan lan egiteko borondate irmoa ere, inguru justu eta inklusiboagoa lortzeko helburuarekin.

Aretxabaletako Udalak bat egiten du LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko eguneko aldarrikapenekin, eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du. Halaber, gure bizilagunei dei egiten diegu ekainaren 28an, 19:00etan, Herriko Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak