Ohorezko Erregionaleko lantalde berria, eratuta

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 18a, 09:28

UDAko Ohorezko Erregionala zuzenduko duen taldea Ibarra futbol zelaian, martitzeneko aurkezpenean

Unai Calzon izango da UDAko Ohorezko Erregional Mailako entrenatzaile berria. Alboan Aitor Etxeberria izango du, eta taldea osatzeko Andoni Etxagibel, Joserra Gordoa, Paco Jurado eta Alvaro del Blanco izango ditu denboraldi berrian bidelagun.

UDAk Ohorezko Erregionaleko taldea zuzenduko duen taldea eta entrenatzaile berria aurkeztu ditu. Unai Calzon izango da hori, eta haren laguntzailea Aitor Etxeberria. Hauekin batera, Andoni Etxagibelek atezainekin jarraituko du, Joserra Gordoak delegatu, Paco Juradok fisio lanetan jarraituko du eta Alvaro del Blanco prestatzaile fisikoa izango da.

Calzonek ondo ezagutzen du taldea, futbol jokalaria izan da, eta urte askoz aritu da etxeko taldean, eta azken urteetan entrenatzaile ere ibili da. Gazte mailakoak Euskal Ligara igo zituen, besteak beste. Hori horrela, bere aldeko apustua egin du UDAko zuzendaritzak.

Arduraz hartutako kargua

Erronka polita du aurretik UDAko Ohorezko Erregionaleko entrenatzaile berriak, eta eskerrak emanez hartu du kargua: "Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot UDAko zuzendaritzari nigan konfiantza izatearren. Gogoz eta ilusioz nago, baina arduraz ere hartu dut taldearen gidaritza; izan ere, lehenengo taldeak garrantzi handia du Aretxabaletan".

Unai Calzon UDAko Ohorezko Erregional mailako entrenatzailea.

Talde bera, fitxaketa barik

Denboraldi berrian Ohorezko Erregionaleko talde bera mantendu nahi du Calzonek, eta, printzipioz, ez du fitxaketarik aurreikusten. "Jende gaztea dator azpiko mailetatik, eta kontuan hartuko dugu jokalari horiek duten progresioa. Esaterako, aurten gurekin izan dira Unai Beloki eta Ibai Lasagabaster, eta horiek jarraituko dute denboraldi berrian. Asmoa talde bera mantentzea da, etxeko jendearekin lan egitea, eta ez dugu fitxaketarik aurreikusten, hasiera batean. Erronka zehatzik ere ez dugu ezarri, baina sailkapeneko goiko postuetan borrokan aritzea izango da, urtero moduan, helburu nagusia".

Talde-lanaren garrantzia

Mikel Larbururen alboan izan da denboraldi honetan, eta haren ikasgaiak barneratu dituela azpimarratu du Calzonek: "Aholku ugari eman dizkit. Asko ikasi dut harengandik, eta talde-lanaren inguruan asko ikasi dut; beraz, hari ere eskerrak eman nahi dizkiot. Orain, nire alboan Aitor Etxeberria izango da, aurten bigarren taldean entrenatzailearen laguntzaile aritu dena, baita jokalari ere, duela bi-hiru urtera arte, kategoria honetan, Mondra taldean aritu da jokatzen. Kuadrillako laguna da, oso ondo ezagutzen du maila hau, eta bion artean lan polita egin dezakegula uste dut".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak