300 lagun elkartu gura dituzte zapatuan, Sare Herritarrak deituta

Mirari Altube Arrese 2021ko eka. 3a, 11:15

Aretxabaletako Sare Herritarrak 300 baietz! erronka deitu du zapaturako, hilak 5. Izan ere, 300 lagun elkartu gura dituzte kiroldegi aurreko futbol zelaian, guardasol zuriak eskuetan –ez du norberak eraman behar–, "giza eskubideen eta konponbidearen alde".

Ibilian Ibilian dinamikari ekin dio Sare Herritarrak, eta horren baitan dago biharko ekitaldia. Geziaren helburua beste espetxe politika baten aldeko adostasun soziala irudikatzea eta salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatzea dela diote: "Gari Garciak Aretxabaletarako bidea egin dezan, graduen progresioan aurrera egitea ahalbideratuko duen espetxe politika arrunta aplika diezaiotela aldarrikatuko dugu. Horregatik, gonbidatuta zaudete erronkara elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen alde eta preso eta iheslarien etxeratzearen alde bidea izan nahi duzuen guztiak".

Orain arteko erantzunarekin "pozik"

Pozik agertu dira Izan Bidea dinamikaren baitan maiatzaren 8an mendi tontorretara joateko deiak izandako erantzunarekin: "Euskal Herriko tontor ezagunenak igo genituen presoen eta iheslarien etxeratzearen alde eta elkarbizitzaren eta bakearen alde. Inoizko mendi igoera bateratu handienean, aretxabaletarrok bost tontorretara eraman genuen Gari Atxabaltara! deiadarra eta 400 herrikide baino gehiagok argi azaldu genuen urratsak egiteko prest gaudela, guztiok batera, egoera hau behin betiko amaitzeko".

Hala ere, oraindik asko dagoela egiteko uste dute, eta salbuespenezko espetxe politikari bukaera emateko lanean jarraitzeko gertu agertu dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak