Mikel Larburu: "Bi urte hauetan eman didaten babesarengatik eskertuta nago"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 21a, 17:42

Mikel Larburu UDAko entrenatzailea partidu batean.

Ohorezko Erregional Mailako denboraldia amaitzear da, eta UDAko entrenatzaile Mikel Larburu zumaiarrak balorazio gazigozoa egin du. Zenbait partidu geratzen dira oraindik, ezer ez dago jokoan, baina aurrera begira erabakia hartuta du: bi urtez Aretxabaletako taldeko entrenatzaile aritu ostean, geratzen diren jardunaldiak jokatu, eta agur esango dio UDAren gidaritzari.

Denboraldi berezia izan da aurtengoa. Zer izan da zailena?

Arraroa izan da denboraldia. Ondo hasi ginen. Dena geratu zen, berriro arrankatu genuen, COVID-19 kasuak agertu ziren, partiduak bertan behera geratu ziren… Atipikoa izan da, eta espero dut urte askoan horrelakorik ez gertatzea berriz. Egoera honen aurrean ez da erraza izan gauzak planifikatzea, jokalarien motibazioari eustea… Eta horrek asko eragin du.

Orain, kontsolazio-partiduak izanda, disfrutatzea helburu?

Lortu genuen play-off-era sartzea, eta, alde horretatik gustura geratu arren, ez geunden momentu onenean. Hala ere, gol batengatik kanpoan geratu ginen, ia sorpresa emanda, Beti Gazte kanpoan utziz, baina ezin izan zen hala izan. Asteburu honetan, berriz, atsedenaldia dugu, eta gero, Bergararen aurkako lehiak. Lehenengo partidua etxean izango da; derbia, beraz. Partidu polita aurreikusten dut.

Bi denboraldiren ostean, agur esango dio taldeari

Datorren denboraldiari begira zein asmo duzu?

Zuzendaritzarekin hitz egiten ari naiz, baina ez dut jarraituko. Bi urte egin ditut Aretxabaletan, eta azken denboraldi hau gogorra izan da; lanarekin uztartzea kostatu egiten zait. Beraz, esan dezakegu erabakia ia hartuta dagoela. Espero dut etxeko profileko norbait hartuko dutela, eta, hala baldin balitz, poztu egingo nintzateke. Entrenatzaile gisa jarraituz gero, Aretxabaletan jarraituko nuke; beraz, atseden hartzea tokatzen zait.

Klubarentzat mezurik?

Eskerrak ematea UDAko jende guztiari ni bezalako zumaiar bati taldearen ardura eta aukera emateagatik. Niregan konfiantza izateagatik eta eman didaten babes guztiarengatik oso eskertuta nago. Espero dut gero arte bat izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak