Oztopoak gainditzeko gertu daude pilotuak

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 21a, 14:45

Oztopoko zenbait pilotu Aretxabaletako trialsin-gunean entrenatzen

Entrenamendu saioetara bueltatzeaz batera, Oztopo trialsin taldeko bost pilotu Espainiako Kopan arituko dira, Lizarran, domeka honetan. Horrekin batera, trialsin-gunerako aldaketak ari dira pentsatzen, parkea birmoldatzeko asmoz.

Oztopo trialsin taldeko pilotuak bueltatu dira Aretxabaletako trialsin-guneko entrenamendu saioetara. Gaur-gaurkoz, hogei pilotu inguru ari dira taldean, eta oztopoak gainditzeko gogoz daude guztiak. Horrekin batera, txapelketarik gabeko denboraldia izan arren, hitzordua dute Oztopoko hainbat pilotuk domeka honetan. Hain zuzen ere, Espainiako Kopako lehiaketara joango dira, Lizarrara, parte hartzera Alvaro Jimenez, Gorka Merino, Beñat Urbina, Julen Arenaza eta Aimar Irizar pilotuak.

Entrenatzen hasi berri

"Duela hilabete batzuk aritu ginen entrenatzen, baina gero, gelditu beharra izan genuen, itxiera perimetralagatik. Neurriak arindu ostean, joan den astean hasiko ginen, gutxi gorabehera, entrenamendu saioekin. Txapelketei dagokienez, berriz, urte zaila izan da, Euskal Herrian ez da ezer egon, eskola-kiroleko lehiaketak bezala… Hala ere, Oztopo trialsin taldeko bost pilotu Espainiako Txapelketan izango dira domekan, Lizarran, eta gogoz daude", adierazi du Aitor Muruak, Oztopo trialsin taldeko entrenatzaileak.

Oztopo berriak jartzeko asmoz

Uda osterako Aretxabaletako triala antolatzeko asmoa ere agertu dute. Horretarako, baina, oztopo berriak jarri gura dituzte trialsin-gunean. "Irail alderako trial erakustaldia antolatu nahiko genuke; egoera normalizatzen bada, behintzat. Horretarako, pilatuta ditugun harriak mugitu, eta parkea birmoldatu nahiko genuke".

Argiteriaren aurretik, lanak

Horrekin batera, Aretxabaletako Udalarekin hitzartu moduan, argiztapena ere jarriko dute eremuan. Hala ere, ezertan hasi aurretik zenbait lan egin behar direla adierazi du Aitor Muruak: "Kontainerrak lekualdatu behar dira, lehenengo, argiteria jartzeko. Bainuetxe arduratuko da horiek kentzeaz eta beste eremu batera mugitzeaz, eta ondoren etorriko da argiak jartzea. Udalak esan digunez, eguzki-plakekin funtzionatuko duten fokuak izango dira, baina, batez ere, neguan izaten dugu arazoa, goiz iluntzen duelako, eta ezin garelako entrenatu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak