Umeendako eta helduendako ipuinekin etorriko da Ameli ipuinen jostuna, eguenean. 17:00etan, Saxofonistaren istorioak eskainiko dizkie 3 eta 7 urte arteko neska-mutikoei. Eta 19:00etan, Isiltzen joan zirenak saioaren barruan Lurdes Iriondo (1937-2005) abeslariaren ipuinak kontatuko ditu.
Bestetik, hainbat kulturatako ipuinei lekua egiten jarraituko dute udaletxe zaharreko txokoan eta martitzenean, hilaren 25ean, beste saio bat izango da, 17:00etan. Auzoko egitasmoko kideek jarduten dute kontalari lanetan.
Maiatzaren 30ean, domekan, ostera, Lazunak azkazaletan poesia liburua aurkeztuko du Oihana Arana Cardenal gazte eskoriatzarrak, Leire Vargas bertsolariak lagun eginda. 17:00etan izango da.
Izena aurretik eman behar
Segurtasun neurriak errespetatu ahal izateko kopurua mugatua izango da, hortaz, aurretik eman behar da izena. Horretarako bideak: 685 75 67 29, euskara@loramendielkartea.eus eta webgunea.