Etxez etxeko zerbitzua Gizadiri esleitu diote

Mirari Altube Arrese 2021ko mai. 14a, 13:16

Udalbatzako kideak osoko bilkuraren une batean, eguaztenean.

Azken urteetan zerbitzu hori eman duen enpresarekin jarraitzea erabaki zuen udalbatzak eguaztenean; horrez gain, Santa Kurtz kaleko lanen proiektuari oniritzia eman zioten osoko bilkuran, baita inbertsioei heltzeko mailegua kontratatzea onartu ere.

Etxez etxeko zerbitzuaren lehiaketara lau enpresa aurkeztu ziren, eta, eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran, udalbatzak erabaki zuen Gizadi enpresari ematea horren ardura. Prezioa zehaztu dute 425.000 eurotan urtero, eta orduaren prezioa 26 eurotan finkatu –BEZa barne–.

Azken urteotan ere enpresa horrekin egin du lan Udalak, eta hala jarraitzea erabaki dute. Etxez etxeko zerbitzuak gero eta erabiltzaile gehiago dituela adierazi du Udalak, bereziki pandemia egoera dela eta; horregatik, "zerbitzua egonkortzearen alde" egin gura izan dute, "kalitateari eutsita". Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Karmele Uribarri gustura agertu zen: "Esfortzu handia egin dugu hori guztia lortzeko. Horregatik, pozgarria da prezio igoera langileen egoera hobetzeko izango dela jakitea". Lau urterako kontratua sinatuko dute, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. EH Bilduk adierazi zuen Gizadi "berme ona" dela, baina abstenitu egin zen bozketan.

Santa Kurtz kalearen proiektua

Hainbat inbertsiori heltzeko ezinbestekoa duen mailegua kontratatzea ere onartu zuen udalbatzak. 2.695.639,54 euroko mailegua izango da, zortzi urtean ordaintzeko, eta Kutxak eskainitakoari eman diote baietza, "baldintza onenak" dituelako. EH Bilduk babestu egin zuen Udal Gobernuaren proposamena, "erantzukizunagatik".

Agintaldi honetako inbertsioen artean, bi dira azpimarragarrienak: komentua birmoldatzea eta Santa Kurtz kaleko hornidura eta saneamendu lanak. Hain zuzen ere, lan horien proiektua aurkeztu zuten osoko bilkuran, onartua izan zedin. Udal Gobernuaren asmoa da lanak lizitaziora ateratzea orain, eta irailean hastea exekutatzen. EH Bilduk abstenitzea erabaki zuen, prozesu hasieran izandako desadostasun batzuk direla eta.

Bestetik, Aozaratza auzoan lursail batzuk ditu errentan Udalak, eta erabaki zuten horien ardura izan duen baserritarrari uztea beste bost urtez. "Zelai horretako hesiak aldatu egin ditu, eta, Udalak ordaindu arren, lan handia hartu du", jakinarazi zuen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak