Dokumentalek harrera beroa izan dute azken hilabeteotan Arkupen, eta gaur, egubakoitza, eta maiatzaren 21ean Granito Buffet: Vagabundos pirenaicos ikus-entzunezkoa eskainiko dute (19:00). Lan horrek jasotzen du Ivan Roucok eta Iñigo Iruretagoienak bizi izandako abentura, Pirinioetako 214 hirumilakoak igo zituztenekoa, hain zuzen ere: ibilgailurik erabili gabe, kanpoko laguntzarik gabe, aterpeetan lo egin gabe eta ia baliabiderik gabe.
Zinegoak, atzeratuta
Bestetik, Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak (Zinegoak) geldialdia egitekoa zen Arkupen maiatzaren 16an, eta hiru film labur eskaini. Baina Udaletik jakinarazi dute atzeratu egingo dituztela emanaldi horiek; datarik ez dute zehaztu.
Euspot, sari banaketa
Maiatzaren 27an, ostera, Euspot euskarazko spot lehiaketako sari banaketa ekitaldia izango da Arkupen (19:00).