Hasiera gogorra pilotari aretxabaletarrentzat

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mai. 7a, 10:09
Julen Barandiaran pilotaria, burumakur, lau eta erdiko pilota txapelketako Aretxabaletako partiduan.

Lau eta erdikoan galdu egin zuen Julen Barandiaranek, Aretxabaletan; Udaberri Txapelketan, Bergaran, Zugastik eta Lasak ere galdu egin zuten; eta gazte mailakoan, Ander Uribarrenek eta Joxe Uribetxeberriak ere bai, Zestoan. Gaur, Nagusiek jokatuko dute, Alde Zaharraren aurka, Iturrigorrin, 19:30ean.

Gaur zortzi hasi ziren pilota norgehiagokak bailaran, eta Aretxabaleta taldeko pilotariek ere izan zituzten partiduak. Ez zuten hasiera ona izan, guztiek galdu baitzuten.

Zenbait hilabetez entrenatu gabe aritu dira Aretxabaletako pilotariak, kantxa ere itxita izan dute, eta denboraldi hasieran pilotari gazteak joan izan dira, ohikoa den moduan, eskupilota probatzera, baina inor ez dela agertu aurten adierazi du Aretxabaletako Juan Mari Errasti pilota entrenatzaileak. Gauzak horrela, hasiera gazi-gozoari buelta eman nahian daudela adierazi dute Aretxabaletako pilota sailetik.

Julen Barandiaranen porrota

Lau eta erdiko txapelketa jokatu zuen Julen Barandiaran Aretxabaleta taldeko pilotariak, Iturrigorrin, eta 10-22 galdu zuen Murumendiko Aimar Usabiagaren kontra. Juan Mari Errasti Aretxabaletako pilota entrenatzaileak adierazi duenez, hasiera gogorra izan da Aretxabaletako pilotari guztientzat, eta pandemiaren eragina nabaritu egin dela dio: "Barandiaranek aurrez irabazita zeukan Usabiagaren kontra, baina oraingoan ezin izan du garaitu. Aurkaria markagailuan aurretik jarri zen, eta, etxeko pilotariak berdindu arren, zenbait akats egin zituen, eta, Usabiagak zorte on apur bat ere aldeko izanda, partiduari buelta ematea ezinezkoa egin zitzaion Barandiarani. Gainera, azpimarratzekoa da Julen atzelaria dela eta bestea aurrelaria; hala, aurkariak aurrean egindako lan onak bere fruituak eman zizkion Murumendiko pilotariari".

Udaberriko Txapelketan kale

Udaberri Txapelketa ere hasi dute Aretxabaletako Zugastik eta Lasak, baina haiek ere ez zuten irabazi Bergarako pilotalekuan, Bergara eta Iñarra bikotearen kontra (22-8). Gazte mailako Ander Uribarrenek eta Joxe Uribetxeberriak, berriz, Zestoan jokatu zuten, eta haiek 6-22 galdu zuten.

Udaberri Txapelketako hurrengo partiduei dagokienez, gazte mailakoek atsedenaldia dute, baina bigarren mailako nagusiek gaur, egubakoitza, 19:30ean, jokatuko dute, Alde Zaharra taldearen aurka.

Herriartekoa, hilaren 16an

Herriarteko Pilota Txapelketa maiatzaren 16an hasiko da, Aretxabaletan. Hernaniren aurka jokatuko dute Aretxabaletako kategoria guztietako pilotariek. Hau da: kadeteek, gazte mailakoek eta nagusiek. Hala ere, eguna ezarrita duten arren, ordua zehazteko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak