Komunikatzen jolasteko nerabeentzako udalekuak

Aitziber Aranburuzabala 2021ko mai. 7a, 18:32

Aiora Mujika, Ainhoa Vitoria eta Xabier Urzelai.

Komunikazio udaleku irekiak antolatu dituzte Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak, estreinakoz; astebeteko bi txanda egongo dira, uztaileko lehen eta bigarren asteetan, eta www.goiena.eus/bereziak/udalekuak sareko gunean eman daiteke jadanik izena.

Gazteak modu kritiko, praktiko eta dibertigarrian komunikazioaren mundura hurbiltzea da udalekuen helburua. "Komunikazioaren ikuspuntutik, gazteei interesekoak eta erakargarriak izan ahal zaizkien bideo grabaketak, kamera aurrekoak, youtuberrak, poadcast edo entzuteko moduko eduki digitalak, argazkigintza… Halakoak jorratuko ditugu. Era berean, euren pentsamendu eta ikuspegi kritikoa ere landu gura da; komunikazio kanal ezberdinetatik jasotzen duten informazioa kudeatzeko tresnak eta estrategiak ikasiko dituzte; betiere, jolasean ari diren bitartean", azaldu du Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik.

Kataluniako Ara egunkaria, eredu

Kataluniako Ara egunkariaren Kazetaritza Campusaz gain, apenas dago halako proposamenik. "Kazetaritzara bideratua dago hura; gurean, ordea, komunikatzaile baten profil asko –kazetari, aurkezle, irrati esatari...– ezagutzeko aukera eskainiko dugu. Euskal Herri osora zabaldu dugu parte hartzeko aukera. Euskaraz izango dira, eta DBH-4ko eta batxilergoko lehen mailako gazteei daude zuzenduta. Astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 13:30era izango dira eta bi txanda eskainiko ditugu", dio Goiena Komunikazio Taldeko Eneko Azkaratek.

Komunikazioan adituen parte hartzearekin

Aretxabaletako MUren Ikus-entzunezko Campusean egingo dira udalekuak, eta Goienara ere bisita egiteko asmoa dutela kontatu du Maguregik: "Antolatzaileok jarriko ditugu baliabideak, bideo-ediziorako ekipoak, kamerak, telebistako platoak… Begirale eta koordinazio lanetan Goienako Aitor Agirianok eta biok jardungo dugu".

Landuko diren gaietan eskarmentua dutenek master-eskolak emango dituztela gaineratu du Azkaratek: "Izango ditugu Aiora Mujika, @probatxoa youtuberra; Ainhoa Vitoria, komunikatzaile eta Gaztea irratiko esataria; eta Goienako Xabier Urzelai, mojo edo eskuko telefono adimenduekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan aditua". 

Izena ematea, ekainaren 18ra arte

Izena emateko epea zabalik dago ekainaren 18ra arte, eta prezioa 125 euro da. Plaza mugatuak izango dira; txanda bakoitzean, gehienez ere, 25 lagun elkartuko dira eta izena eman ahala beteko dira. COVIDak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak beteko dira udalekuetan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak