Orotariko diziplina artistikoak jasoko ditu Zaraia aretoak datorren maiatzean zehar. Nabarmentzekoa izango da, besteak beste, Zinegoak jaialdiko film laburren emanaldia. Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Festibalak maiatzaren 16an egingo du geldialdia Arkupen, Escames, On my way eta Carne film laburren emanaldiarekin.
Kontzertuei dagokienez, hilaren 23an etorriko da Estitxu Pinatxo abeslari eta piano-jole beratarra Haize gorri batek izeneko saioa aurkeztera. Bertan, bere lehen diskoan konposatutako abestiak joko ditu.
Bi egun geroago, liburutegiak Bego Alabazan narratzailea gonbidatuko du, 2 eta 5 urte artekoei zuzendutako Sagu txiki, sagu maite ikuskizuna aurkezteko.Bestalde, EHUk eta Garabide elkarteak antolatuta, Hizkuntza indigenak ama lurra zaintzen erakusketa izango da ikusgai, maiatzaren 5etik 31ra bitartean. Antolatzaileen esanetan, "kooperazio linguistikoan sakontzeKo" balioko du galeriak.
Hasteko, antzerkia
Guztira, bi antzezlanez gozatu ahalko da Zaraian datozen asteotan. Lehena, Antonia izenekoa, domeka honetarako dago programatuta, 19:00etan hasita. Kontaketak oroitzapenen arteko bidaia planteatuko du, eta protagonistaren amona eta haren anaia agertuko dira bere oroimenean. Sarrerak Arkupen daude salgai.
Maiatzaren 9an, berriz, Trokolo Teatroak Zurginaren ipuina ikuskizun familiarra taularatuko du.Datorren ostiralean, gaur zortzi, Oihana Arana, Martin Abarrategi, Beñat Lizaso eta Nerea Ibarzabal bertsolariek eskainiko dute saioa, Lekaixoka bertso eskolaren eskutik.
Mendiko dokumentalak gustuko dituztenek, bestalde, Granito Buffet: Vagabundos pirenaicos ikusi ahalko dute hilaren 14an eta 21ean.
Denboraldi "ona"
Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak "ondo" baloratu du Arku-pek zazpi hilabete hauetan emandakoa: "Edukiera erdira murriztu bada ere, 2.023 ikusle etorri dira". Ekainean kaleko ikuskizunen txanda izango da