Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira idazleei lekua egin gura izan die Udaleko Kultura Sailak eta gaur, egubakoitza, Hitz-artea ekitaldia antolatu du. Besteak beste elkartuko dira Tere Irastortza idazlea eta herriko beste hainbat idazle, eta horiek liburuetako pasarteak irakurri bitartean Jokin Mitxelena ilustratzaile donostiarrak hitzak irudi bihurtuko ditu. Arkupen izango da ekitaldia, 19:00etan.
Herritarrak gonbidatuta
Karmele Igartua idazle aretxabaletarra izango du gogoan Irastortzak (Zaldibia, 1961) eta haren poesiak irakurriko ditu. Harekin batera izango dira Josune Murgoitio (Arrasate, 1985), Judit Ruiz de Munain (Agurain, 1973) eta Luis Jose Errasti (Aretxabaleta, 1954), hirurak hainbat libururen egileak. Eta horiekin batera Udane Oñate gaztetxoa egongo da pasarteak irakurtzen. "Adin guztietako jendea gonbidatzen saiatu gara. Ea hurrengoan gehiago garen!", adierazi du Ruiz de Munainek eta gaineratu du: "Gertura daitezela herritarrak irakurketa saiora. Geuk idatzitako liburuak ere izango ditugu bertan eskuragai".
Herriko idazleek taldetxoa daukate sortuta, elkarlanean jarduteko. Udalarekin ere badute harremana, lankidetzan ekitaldiak antolatzeko.
Parte-hartzaileen iritzia
Zer irakurriko duzu? Zer deritzozu ekimenari?
Judit Ruiz de Munain Idazlea
"Itsasaldia izeneko ipuin bat irakurriko dut, neuk idatzitakoa. Urtean behin behintzat halakoak antolatzea ideia bikaina da; horrela jendea gehiago anima dadin idaztera eta irakurtzera. Une honetan liburu bat editatzen nabil, baina oraindik ez dago aurkezteko moduan; ea datorren hilabeterako gertu dudan".
Josune Murgoitio Idazlea
"Destino Estambul liburuko zatitxo bat irakurriko dut. Herrian jendeak ezagutzen gaitu baina halako ekimenek beti laguntzen dute; idazleondako erakusleiho bat dela uste dut. Pandemia sasoian irakurzaletasunak gora egin duela esango nuke eta nik neuk ondo saldu ditut liburuak".
Luis Jose Errasti Idazlea
"Pena handiz baina ekitaldian egoterik ez dut izango, kanpoan bizi naizelako orain. Dena den, neuk sortuta nuen kontakizun bat grabatu dut eta bidali diet ekitaldian jar dezaten. Halako ekimenak politak dira eta jarrai dezatela antolatzen; ea hurrengoan herritar gehiago animatzen diren irakurtzera".