Asteburu honetako saioaz gain, apirila betea dator; izan ere, apirilaren 21ean, Ganbaran aurkitu dudan altxorra ipuin kontaketa izango da, udal bibliotekan, Iñaki Carreteroren eskutik, 18:00etan. Apirilaren 23an, berriz, Maite Arrese & Mau Ziemkiewicz musikariek Basatiaren mintzoa ipuin musikatua eskainiko dute, helduentzat, Arkupen, 19:00etan. Sarrera lau euro da.
Irati Garaitonandia aramaioarraren erakusketa
Horrez gain, Irati Garaitonandia aramaioarraren erakusketa ireki zuten hilaren hasieran, eta apirilaren 30era arte ikusgai egongo da, Marrazkiak izenpean. Askotariko materialak lantzen dituen arren, bere obraren zatirik handiena paperean egiten du 11 urteko gazteak.
Irati Garaitonandia 11 urteko aramaioarrak funtzio motorrari, hau da, muskuluen kontrolari, koordinazioari eta mugimenduari eragiten dion nahasmendu neurologikoa du. Alterazio horrek bizitza osoan jasan beharko duen desgaitasun bat dakarren arren, tratamendu eta maneiu egokiarekin, gizartean erabat integratutako bizitza izan dezake. Horregatik dira hain garrantzitsuak jarduera osagarriak edo eskolaz kanpokoak, Iratiren kasuan, musika eta pintura; izan ere, aisialdia aprobetxatzen laguntzeaz gain, gizarte-harremanak sortzen eta sendotzen eta osasun fisikoa hobetzen laguntzen diote. Iratik 6 urte daramatza pintura lantzen Idoia Elexpururekin. Bere lanak genero abstraktuan sar genitzake eta material ezberdinak lantzen dituen arren, bere obraren zatirik handiena paperean egiten du.