Irudiak eta genero eraikuntza aztergai

Imanol Beloki Unamuno 2021ko api. 16a, 09:55
Yolanda Dominguez aktibista hitzaldi bat egiten. Argazkia: Yolanda Dominguez

Gaur, arroparen kontsumo arduratsuaren gaineko hitzaldi tailerra izango da Arkupen. Apirilaren 22an, berriz, irudiek nortasunaren eta generoaren eraikuntzan duten garrantziaren gaineko hitzaldi-topaketa, Yolanda Dominguez aktibistak gidatuta.

Udaleko Berdintasun Sailak bi ekintza antolatu ditu apirilerako. Batetik, arroparen kontsumo arduratsuaren gaineko hitzaldi tailerra izango da gaur; eta bestetik, irudiek nortasunaren eta generoaren eraikuntzan duten garrantziaren gaineko hitzalditopaketa izango da apirilaren 22an. Izena aurrez eman behar da baterako zein besterako, berdintasuna@aretxabaleta.eus helbidean edo Arkupen.

Zer ezkutatzen da zure arroparen etiketen atzean? izenpean, kontsumo arduratsuaren gaineko hausnarketa sustatuko dute The Slowear Project y de EducaEco plataformaren sortzaile Angels Biosca Peris-ek eta Gu Haziak Gara elkarteko kideek. Ehungintzaren ekoizpen eta kontsumo sistema globala aztertuko dute ikuspuntu lokal eta globalaz, sistema honek pertsonen aurka, eta, zehazki, emakumeen kontra eragiten dituen kalteak eta, bereziki, ingurugiroaren kontrakoak ere ikusaraziz. Ekoizpen eta kontsumo modu sostengarri konkretuak proposatuko dituzte eta Gu Haziak Gara elkarteko kideek gizarteratze ildotik eskaintzen dituzten aukeren berri ere emango dute. Hitzaldi-tailerra gaur izango da, Arkupen (17:00-20:00), euskaraz eta gaztelaniaz.

Irudien irakurketak egiten

Apirilaren 22rako, berriz, Revelando estereotipos que no nos representan. Cambiar las imágenes para cambiar el mundo izeneko hitzaldi-topaketa antolatu dute. 18:00etan izango da, eta Yolanda Dominguez kontzientzia feministaren eta generoarekin harremandutako gizarte kritikaren inguruan gaiak lantzen dituen artista bisual, argazkilari eta aktibista izango da gidaria. Bertan, irudien historian zehar ibilbidea egingo du Dominguezek, eta irudien irakurketak nola egiten diren ere erakutsi, besteak beste: "Ordu eta erdiko saioa eskainiko dut, eta irudien historiaz arituko naiz, artearen historiaren ikuspegitik hitz eginda. Irudiek nola eragiten diguten pertsonei adieraziko dut, eta, horrekin batera, modaz ere arituko naiz. Bereziki, emakumearen figuraz… Arropa bat erostean hainbat faktore kontuan izan behar ditugula azalduko dut, keinu horrek gizartean izan ditzakeen ondorioez…".

Izena emateko egin beharrekoa

Hitzaldi-tailerreko gehienezko edukiera 50 pertsonakoa izango da, eta, izena emateko, berdintasuna@aretxabaleta.eus helbidera idatzi, Arkupera joan edo bertara deitu daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak