Antzerkia eta Liburuaren Eguna izango dira protagonistak Arkupeko apirileko egitarauan

Aitor Martinez Gorosmendi 2021ko mar. 31a, 13:36

Zirika zirkus: "Zinemaz blai" antzezlanaren kartela.

Familientzako hiru ikuskizun eta helduentzako Miss Spein bakarrizketaz gain, narrazioak, ipuin musikatua eta idazle aretxabaletarren irakurketak izango dira Arkupe kultur etxean apirilean. Ikuskizunetarako sarrerak hilaren 1etik aurrera salgai izango dira.

Eskolako oporrak aprobetxatuz, apirilaren 8an Pepa ta Kutxo-Pailazokeriak izenburuko lanaz gozatzeko aukera izango dute haurrek, Xilipurdi antzerki taldearen eskutik. Apirilaren 11an, baita haurrentzat zuzenduta dagoen Erreka Mari ikuskizuna aurkeztuko du Txontxongilo antzerki taldeak, eta lamien kondairei buruz hitz egiteko txontxongiloak oinarri dituen lana da. Publiko familiarrak hirugarren hitzordua izango du apirilaren 18an, Zirika Zirkus konpainiaren Zinemaz Blai antzezlanarekin, eta apirilaren 25ean, ordea, helduei zuzendutako Miss Spein bakarrizketa taularatuko du Aroa Blancok, Aitor Arabiourrutiaren zuzendaritzapean.

Idazle aretxabaletarrak

Liburuaren Egunaren ospakizunak protagonismo berezia du datorren hileko kultur programan. Era honetan, apirilaren 21ean Haur liburutegiak Iñaki Carretero ipuin kontalaria izango du gonbidatu, Ganbaran aurkitu dudan altxorra ikuskizunarekin. Apirilaren 23an, aldiz, Maite Arrese narratzaileak eta Mau Ziemkiewich musikariak Basatiaren mintzoa ipuin musikatua eskainiko dute. Eta, amaitzeko, apirilaren 30ean Zaraia aretoko oholtza gainean Jokin Mitxelena ilustratzaile donostiarrak zuzeneko ilustrazioak marraztuko ditu, idazle atxabaltarrek bere azken lanen zati batzuk irakurtzen dituzten bitartean.

Horrez gain, Kultura sailak helduentzako pintura ikastaroa jarriko du martxan. Idoia Elexpuruk atxabaltarrak emango ditu klaseak apirilaren 12tik sanjoanetara arte. Arkupen elkartuko dira astelehen eta ostegunetan, 14:00etatik 16:00etara. Izen-emateak kultur etxean eman beharko dira apirilaren 6tik aurrera (85 euro).

Egitaraua

  • Apirilaren 8tik 30era arte: Irati Garaitonandiaren marrazkien erakusketa.
  • Apirilaren 8an: Xilipurdi antzerki taldearen Pepa ta Kutxo-Pailazokeriak. 17:00etan. Hiru urtetik gorakoentzat (hiru euro).
  • Apirilaren 11n: Txontxongilo antzerkiaren Erreka Mari ikuskizuna. Publiko familiarra. 17:00etan (hiru euro).
  • Apirilaren 18an: Zirika Zirkus taldearen Zinemaz blai antzezlana. 17:00etan. Publiko familiarra (hiru euro).
  • Apirilaren 21ean: Ipuin kontaketa. Iñaki Carreteroren eskutik, Ganbaran aurkitu dudan altxorra, udal liburutegian, 18:00etan. Izen-emateak apirilaren 12tik aurrera.
  • Apirilaren 23an: Basatiaren mintzoa ipuin musikatua. Helduentzat. 19:00etan (lau euro).
  • Apirilaren 25ean: Miss Spein bakarrizketa Aroa Blancorekin (gazteleraz). 19:00etan (lau euro).
  • Apirilaren 30ean: Hitz-artea ikuskizuna. Idazle aretxabaletarrekin eta Jokin Mitxelena ilustratzailearekin. 19:00etan.
  • Apirilaren 12tik sanjoanetara arte: Pintura ikastaroa. Izen-ematea apirilaren 6tik aurrera (plaza mugatuak).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak