Hiru eguneko egitaraua nerabeen eta umeen aisialdirako

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 26a, 09:17

Josu Irure gaztelekuko begiralea eta Itsaso Orbegozo eta Julen Fernandez kale hezitzaileak.

Atxagazte gaztelekuak eta kale heziketa zerbitzuak hainbat ekintza antolatu dizkiete nerabeei datorren asterako, eta 40 bat gaztek eman dute izena; aisialdi ohitura osasuntsuak sustatzea da helburua, natura eta kirola ardatz hartuta. Bestetik, Loratu ekimenak ere antolatu ditu umeendako ekintzak.

Opor egunak dituzte nerabeek datozen bi asteetan, eta, aisialdi "ohitura osasuntsuak" sustatze aldera, hiru eguneko proposamena egin diete Atxagazte gaztelekuak eta kale heziketa zerbitzuak 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei.

Astelehenean, martxoaren 29an, Hi selfie lehiaketa izango dute; martitzenean, mendira irteera; eta eguaztenean, kirol topaketak: mahai-futbola, ping-ponga, beisbol-pie eta boleibola. "40 bat nerabe elkartuko dira, eta egubakoitzean zehaztuko ditugu ekintza guztiak haiekin", adierazi du gaztelekuko begirale Josu Irurek. Sei laguneko taldetan elkartuko dira jardueretarako.

Kale heziketa zerbitzuan, lau talde

Kale heziketa zerbitzuak ere hartu du parte egitaraua zehazterakoan, eta zerbitzu horretan diharduten nerabeei ere bideratu dizkiete ekintzak. "Aisialdi ohitura osasuntsuak sustatzea da helburua herri mailan, naturarekin eta kirolarekin zerikusia dutenak", adierazi du Julen Fernandez kale hezitzaileak, eta gaineratu: "Gure zerbitzuari dagokionez, gazteak identifikatzea ere gura dugu".

Fernandez iraila ezkero dabil lanean Aretxabaletako gaztetxoekin, eta haren lankide Itsaso Orbegozok urtebete darama. Gaur egun, lau talderekin elkartzen dira astelehen, eguazten eta egubakoitz arratsaldeetan; 11 eta 18 urte arteko 30 bat lagunekin, hain zuzen ere. "Gaztelekuan baino talde txikiagoetan egiten dugu lan guk, eta behar espezifikoei heltzen diegu; harreman beharrei, esaterako. Adin tarte bakoitzean eta gazte bakoitzak dituen behar zehatzak identifikatzea eta lantzea izaten da asmoa", argitu du Fernandezek.

Kale heziketa zerbitzuko talde batek dagoeneko hartu izan du parte gaztelekuko ekintzetan, eta gainerakoak ere gonbidatu dituzte egunotan jarduteko.

Umeendako ekintzak ere bai

Loratu ekimenak, bestetik, 9 eta 12 urte arteko umeendako ekintzak antolatu ditu, datorren asteko hiru egunetarako (10:00- 13:00), Naturan jolastuz leloarekin. Astelehenean, Lehen Hezkuntzako laugarren mailakoak elkartuko dira; martitzenean, bosgarren mailakoak; eta eguaztenean, seigarrenekoak. Ekintza eta jolas asko iragarri dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak