Paul San Martin (Donostia, 1979) piano-jole eta irakasleak Blues, boogie eta jazz izeneko kontzertua eskainiko du domekan (19:00), Arkupen –sarrerak agortuta daude–. Pianoaren bitartez eta ahotsak lagun eginda abesti askotan, jazz estilo ezberdinekin beteko du Zaraia aretoa.
Pianoa eta ahotsa
"Musikaren bitartez bidaiatuko dugu Amerikako doinuetara. Bereziki, boogie woogie-a, rockand-rollaren aitzindaria dena, izango dut oinarri, eta jazz estilo ezberdinak balioan jarriko ditut, sarritan gutxietsi egiten direla uste dudalako", azaldu du San Martinek.
Piano kontzertua izango da, baina abestu ere egingo du: "Oso gustuko dut abestea; musika beltza, bereziki. Nire estiloa horixe dela esango nuke".
Bost disko grabatuta
Iruñean egin zituen piano-jazz ikasketak bukatu orduko hasi zen lanean Leizarra musika eskolan; 2009an, hain zuzen ere. Horregatik, aparteko ilusioa egiten dio Aretxabaletako emanaldiak; lehenengoa izango da, gainera: "Urte mordoa daramatzat hemen, baina sekula ez da suertatu halako aukerarik. Hortaz, ilusioa egiten dit eta jendea ere entzuteko gogoz dagoela uste dut. Blues doinuak, gainera, oso samur entzuten dira, edozeinek atsegin ditu; hortaz, kontzertua edonorentzat da aproposa".
Bost disko ditu argitaratuta: batzuk, Stay Blues taldearekin; eta beste batzuk, bakarka. Azkenekoa, A French Session, Frantzian ekoiztu zuen, 2019an, nazioarteko musikariak lagun izanik. Horiez gainera, kolaborazio-lan asko egin ditu hainbat musikarirekin.