Ekintza askorekin dator udaberria Loramendi elkartera

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 18a, 15:15

Maddi Loiti elorriarra. Argazkia: Anboto

Maddi Loiti elorriarrak Posible al da kea kateatzea? liburua aurkeztuko du, eta tailerra eskaini bihar, egubakoitza; martitzenean, ostera, Kolonbiako ipuin bat kontatuko du Auzoko egitasmoko kide batek, eta hilaren 30ean Erdaldun berrien kluba antzezlana izango da. Izena aurrez eman behar da ekitaldi guztietarako.

Udaberrirako egitaraua gertatu gura izan du Loramendi elkarteak, eta hiru ekitaldi zehaztu ditu datozen egunetarako. Hain zuzen, herritarrei egindako galdeketatik jasotako erantzunak eta eskaerak hartu dituzte kontuan horretarako.

Eskatuenak, tailerrak

"Galdeketan esandakoak hartu ditugu kontuan; izan ere, horren bitartez, herrian landu gura diren ekitaldiak jaso ditugu. Hortik abiatuta hasi gara lanean eta zehaztu dugu martxoko egitaraua", adierazi du Ainhoa Sanchez teknikariak, eta gaineratu: "Herriko kultura eskaintza aberastea da gure asmoa".

Tailerrak eta ikastaroak nabarmendu dituzte herritarrek galdeketa horren bidez: "Horiek izan dira gehien eskatutakoak, eta, horrez gain, ohiko egitarau baten falta ere agertu da; hau da, kontzertuak, dokumentalen emanaldiak eta antzekoak jasotzen dituen egitarau bat". Eta, oraingoz, horri heltzea erabaki dute.

Erotismoa langai

Posible al da kea kateatzea? liburua aurkeztuko du Maddi Loiti elorriarrak bihar, egubakoitza (10:30): "Egileak berak egindako ikerketa baten ondoren sortutako liburua edo fanzinea da. Erotismoaren eta sexualitatearen gaineko kontuak jaso ditu bertan, eta horiek tailer bidez landuko ditu", azaldu du Sanchezek.

Datorren martitzenean, hilaren 23an, ostera, Ipuin internazionalak proiektua abiaraziko dute: "Auzoko egitasmoaren bueltan sortutako proiektua da, eta, hilean behin, herrialde ezberdin bateko ipuin bat kontatuko du jatorri hartako kide batek. Horien ama hizkuntza eta euskara uztartzeko ahalegin bat egingo da, biei lekua eginda". Lehenengo ipuin kontaketa saioa kolonbiar jatorriko kide batek egingo du, eta Egurgilea eta urrezko aizkora ipuina eskainiko die ludotekako, hizkuntza errefortzuko zein herriko gainerako neska-mutikoei.

Martxoko egitaraua ixteko, hilaren 30ean (19:00), Erdaldun berrien kluba antzezlana izango da: "Euskara ikasten dabiltzanei keinu egin, eta haiei lekua egiteko asmoarekin ekarriko dugu". Idoia Etxeberriak idatzitako lana da eta Olatz Pagalday eskoriatzarrak erdaldun berrien kluba zer den azalduko die Loramendin elkartzen direnei.

Izena aurrez eman behar da

Ekitaldi guztiak Durana kalean Loramendi elkarteak egoitza duen atarian izango dira eta parte hartzeko aurrez eman behar da izena, edukiera zaintze aldera; hona hemen bideak: posta elektronikoz: euskara@loramendielkartea.eus; telefonoz: 685 75 67 29; Instagram bidez: @loramendieuskara; eta Facebook bidez: Loramendi Elkartea.

Marrazki lehiaketa, gaur arte

Koloreztatu udaberrixa izenarekin marrazki lehiaketa deitu dute Loratu ekimeneko kideek. "Udaberria gainean daukagula aprobetxatuta, marraztu kolorez betetako zure udaberria!"; hori esanez, 6 eta 12 urte bitarteko herriko neska-mutiko guztiak gonbidatu dituzte horretara, eta ikastetxeen bitartez ere jaso dute gonbidapena.

Lanen tamaina eta formatua libre utzi dizkiete antolatzaileek artista gazteei. Lanak aurkezteko azken eguna da gaur, martxoak 18, eta Loramendiren egoitzako atarian jarritako kutxan sartu beharko dituzte –ezizena duen kartazal baten barruan sartuta–. Jasotako marrazki guztiak erakutsi egingo dituzte, gero, Loramendiko atarian bertan egingo duten erakusketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak