Deba ibaian izandako isurketekin kezkatuta agertu da EH Bildu

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 18a, 08:04

Joan den egubakoitzean, hilaren 12an, Deba ibaiko urak zuritu egin ziren une batez Loramendi kalearen ingurutik pasatzen den tartean. EH Bildu kezkatuta agertu da azken hilabeteetan "gutxienez hiru isurketen berri" izan dutelako eta hainbat eskaera egin ditu.

Iazko udazkenetik hona hiru isurketa izan direla diote: "2020ko urrian Pausoka haur eskola parean dagoen hoditik izandakoa; 2021eko martxoan, mojen komentuaren ostean, Txarapea ibilbidetik datorren hodi batetik metal urarena; eta azkena, joan den egubakoitzekoa".

Lau eskaera

"Jakinen gainean gaude Ur Agentzia horien gainean dagoela eta behar diren ikerketak egiteko prozedura zabaldu duela", adierazi dute prentsa-ohar bidez, baina Udalari hainbat eskaera egin gura dizkiote "gertatutakoak ez errepikatzeko" eta gertatuz gero "ahalik eta bizkorren neurriak hartzeko".

Lehenengo eskaera da euri uren hodien planoak eguneratzea eta ibairako irteera bakoitzean zein enpresa egon daitezkeen zerrendatzea, baita udaltzainen esku uztea hori ere. Ur Agentziarekin protokolo bat zehaztea ere proposatu dute, "udaltzainek uraren lagin bat lehenbailehen har dezaten". Komentu ostean dagoen metal uraren hodiaren egoera aztertzea ere eskatu dute. Eta bukatzeko, isurketak egonez gero, Udalak salaketa jartzea Bergarako epaitegian gura dute.

Herritarrei ere egin diete eskaera: "Halakorik sumatuz gero 112ra edo udaltzainei lehenbailehen deitzeko". Era berean, arduraz jokatzeko dei egin diete aretxabaletar guztiei zein enpresei, "azken urteetan kostata lortu den ibaiaren kalitatea kolokan ez jartzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak