Maila gorenean debutatuko dute domekan hiru aretxabaletarrek

Hasier Larrea 2021ko mar. 12a, 13:14

Xubane Garai, Garazi Estebez eta Ainhize Barrainkua

Ainhize Barrainkua, Garazi Estebez eta Xubane Garai txirrindulariek UCI Women's Continental Tour mailan parte hartuko dute Laboral Kutxa taldearekin. Atarrabiako Jose Antonio Urdaniz 'Cachorna' lasterketan debutatuko dute kategorian, hilaren 14an.

Euskadi Fundazioak babesten duen Laboral Kutxa taldeak UCI World Continental Tourrean lehiatzeko txartela lortu du sasoi honetarako. Txapelketa hori mundu mailako bigarren garrantzitsuena da, UCI Women's World Tour mailaren ostean. Laboral Kutxa taldeko hamabi txirrindularietako hiru dira Aretxabaletakoak: Ainhize Barrainkua, Garazi Estebez eta Xubane Garai. Azken biek lehen hitzordua izango dute domekan taldearekin, Estebezek Gipuzkoa Ogi Berri taldean egin baititu azken lau denboraldiak; Garai, ostera, Limousin taldetik dator. Barrainkuarentzat bigarren urtea izango da talde horretan.

Maila igoerari etekina atera nahi diote Laboral Kutxako txirrindulariek, eta Atarrabian edukiko dute euren dohainak erakusteko lehen aukera, Antonio Urdaniz Cachorna lasterketan. 11:15ean hasiko da 78 kilometroko proba, Olatz, Urroz, Olaberriko gaina, Aioz, Unciti, Tajonar eta Aranguren zeharkatuz. Taldeko Ion Lazkano zuzendariak adierazi du "gure maila neurtzeko froga bat" izango dela, "ez baitakigu non gauden beste taldeekin alderatuta". Era berean, lehia esprintean amaituko dela uste du, "ibilbidea ez delako gogorra". Lasterketa ez da Euskalduna Txapelketarako puntuagarria izango, bai, ordea, RFECko rankingerako.

Denboraldiaurreko prestakuntzaren ostean, iritsi zaie txirrindulariei datozen hilabeteetan euren onena emateko abagunea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak