Kepa Errasti aretxabaletarrak sortutako Xake konpainiaren lanarendako izan da Donostia Antzerki Saria. Iaz, Donostiako aretoetan egondako euskarazko antzezlan onena saritzen du Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak emandako sariak.
Xake Produkzioak konpainiaren hirugarren obra da, Kepa Errastiren ideia batetik abiatuta, Txarli Andradek idatzia, Getari Etxegaraik zuzendua eta Iñigo Aranbarrik, Ane Gabarainek eta Errastik berak antzeztua. Epaimahaiaren arabera, Fadoak entzuten zituen gizona antzezlana da Donostian iazko urtean; antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako antzezlanik onena.
Hori horrela, 12.000 euro eta Juan Luis Goenagaren margolan bat jasoko ditu konpainiak sari gisara, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia antzokian egingo den ekitaldian. Egunean bertan ere berriz taularatuko dute obra.
Maskulinitatea era originalean
Maskulinitatea "era originalean" landu izana goraipatu dute epaimahaikideek: "Originaltasun handiz garatzen da ohikoa ez den pertsonaia bat argumentutik kanpo sartuz; taula gainean oso emaitza erakargarri eta desberdina lortzen da, kutsu surrealista bat emanez".
Bidaia bat da istorioaren muina
Bi lagun zaharrek, Mariok eta Anderrek, ezustean egiten duten bidaia bat da istorioaren muina. Mario (Iñigo Aranbarri) eta Ander (Kepa Errasti) umetako lagunak dira, baina urteak dira ez dutela elkar ikusi. Mario kamioilaria da, eta, autostopean, Ayamonterako (Huelva) bidean fado lehiaketa baten parte hartzera doan Ander jasoko du. Bi lagunek biziko dituzten bizipenetako hirugarren hanka, haria daramana, Masku (Ane Gabarain) da.