Elikagaien postuak ere izango dira urteko lehen Ixadebalde azokan

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 4a, 17:43

Herritar bi, Kilima dendaren aurrealdean ikusgai jarritako arropei begira.

Egubakoitza eta zapatua artean, merkealdien azoka egingo du Aretxarte merkatarien elkarteak, musikak girotuta eta sari bereziak eskainita. Hamaika postu izango dira oraingoan, eta produktuak norberaren saltokien aurrealdeetan jarriko dituzte.

Ixadebalde merkealdien azokak girotuko du herria egubakoitzean –10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara– eta zapatuan –10:00etatik 13:30era–. 21. aldia izango da, eta aurten ere badago berritasunik; esaterako, elikagaiak eskaintzen dituzten saltoki bik bat egin izana.

Hamaika merkatarik jarriko dituzte postuak norberaren saltokiaren aurrealdean; hona hemen horiek: Amaia ume denda, Belar Meta, Asensio, Kilima, Hankabeltz, Tak, Titare, Kiloka, Zubia oinetakoak, Haurrak eta Txilarra. Gehienak arropa eta oinetako dendak dira eta udazken eta negu denboraldian saldu gabe geratutako jeneroa eskainiko dute: "Kalitate ona, prezio ezin hobeekin". Hankabeltzek eta Kilokak, ostera, elikagaiak eskainiko dituzte.

Azokak iraun bitartean kaleak girotzen saiatuko dira: "Ibai Zangituren laguntza izango dugu horretarako; hortaz, giro ona ziurtatuta dago", adierazi du Aretxarteko kide eta Kilima dendako Meritxell Serratok.

Ohitura duten legez, opariak ere izango dituzte azokara gerturatzen diren bezeroendako. "Gure dendetan gastatzeko bonuak zozketatu izan ditugu, eta aurten ere egongo dira. Horiez gain, beste era bateko saritxoak ere izango ditugu; otarreak, esaterako", dio Serratok

Eguraldiaren beldur dira merkatariak, baina herritarrak animatu dituzte postuetara gerturatzera: "Moldatuko gara, eta eskaintzek mereziko dute".

Herrian kontsumitzea helburu

Urtebete beteko da egunotan pandemia hasi zenetik, eta merkatariek egoerara moldatu behar izan dute. "Herritarren aldetik jaso dugun erantzuna ona izan da, bertan kontsumitu dute, eta, horren eraginez, askok, behintzat, balantze positiboa egin dugu", adierazi du Serratok.

Hain zuzen, herrian kontsumitzearen garrantzia azpimarratu gura dute egunotan, eta, azokan batzuek bakarrik parte hartu arren, komertzio guztiak jarri gura dituzte agerian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak