Juxe Zuazua: "Heriotza hor dago, nahiz eta pentsatu gura ez izan"

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 5a, 08:50

Juxe Zuazua Respumosoko bidean, Mikel Crespok egin zuen azken bidea.

2017ko abuztuan Pirinioetako Balaitus mendian hil zen Mikel Cresporen familiak, haren ama Juxe Zuazuak besteak beste, parte hartu du Mendian hil, hirian hil ikus-entzunezkoan. Horren emanaldiek arrakasta izan dute Aretxabaletan; izan ere, otsaileko lau saioetarako sarrerak salgai jarri orduko agortu ziren. Asteburuan beste bi eskainiko dituzte, egubakoitzean eta domekan (19:00).

Aretxabaletarrek egindako harrera zer iruditu zaizu?

Hunkitu egiten naiz. Lehenengo unetik sentitu genuen herria gurekin zegoela eta Mikelen heriotza asko sentitu zutela. Dokumentalak izandako harrera horren isla dela esango nuke.

Eta behin dokumentala ikusita, ezer adierazi dizuete?

Ederra dela esan digute askok. Hitz egiten ez den gai bat dela ere aitortu digute, eta filma ikusi ostean zer pentsatua ematen duela; izan ere, heriotza hor dago eta horri buruz ere berba egin behar da.

Dokumentalarekin gustura geratu zara zu zeu?

Nik hiru aldiz ikusi dut: lehenengoa, estreinaldian, eta gero, Arrasaten eta Aretxabaletan. Eta zenbat eta gehiago ikusi, orduan eta kontu gehiagorekin geratzen naiz. Niretzako opari bat izan da, eta Iñaki Peña zuzendariari ere halaxe esan nion, Mikeli eta neuri aitari egin geniezaiokeen opari eder bat dela. Oso lan txukuna da, polita, duina; gaia ez izan arren samurra, ez dago morbotik eginda, eta, gainera, mezu positiboa ematen du. Hortaz, oso pozik nago.

Zuk esandakoak beste batzuendako baliagarriak izan daitezkeela uste duzu?

Ni asko hitz egitekoa naiz, eta ondo egiten dit, gainera, horrek, korapiloak askatu egiten direlako. Gu terapian ibili gara, eta beste batzuen testigantzak entzutea baliagarria dela uste dut. Eta nireak baten bati balio izan badio, ederto.

Zeini gomendatuko zenioke ikustera joatea?

Askok eta askok doluak egin barik ditugu, ahal duguna egiten dugu eta. Horiendako zein edozeinendako izan daiteke baliagarria, heriotza hor dagoelako, nahiz eta pentsatu gura ez izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak