"Egun guztia daramat geratu ere egin gabe", adierazi du Baldomera Mendizabalek bazkaria prestatzen ari zela. Zein menu duten galdetuta, hona bere erantzuna: "Pintxo batzuk prestatzen ari naiz, eta horren ostean zainzuri batzuk jango ditugu ozpin-olio saltsan. Nik neuk egiten dut saltsa, neure erara. Behin hori janda angulak jango ditugu. Oso-oso gutxitan jaten ditugu, baina gaurkoan erostea okurritu zaigu. Eta amaitzeko mazedonia pixka bat, etxeko flana eta kafe goxoa. Kanpoan egindako flanak nekez jaten ditut, ez zaizkit gustatzen. Kafea hartzea nahi baduzute, gonbidatuta zaudete". [GOIENAko argazkilaria bazkalostean joan da Baldomerarengana; eta bai, kafea eta kopa ere zerbitzatu dizkio].
Gaurkoan urtebetetze-tartarik ez, baina pandemia amaitzean lobekin ospakizun jendetsu bat egin nahi du Baldomera Mendizabalek. "Orduan jango dugu tarta", adierazi du. Tartak erraldoia beharko du izan, 101 kandela ez baitira edozein tartatan kabitzen.
Umore ona eta osasuna soberan ditu 101 urterekin eta 102 urte betetzeko gogorik ez zaio falta. "Oraindik asko geratzen da, baina gustora beteko nituzke. Datorrena datorrela, ni pozik".