Elkarlana ezin dutela aurrera eraman adierazi du EAJk

Mirari Altube Arrese 2021ko ots. 26a, 14:58

EH Bildurekin izandako talkak ugariak izan direla diote eta gaineratu dute "akiturik" daudela leialtasun faltarekin.

Udalean ordezkaritza duten bi alderdien arteko lankidetza apurtu egin dela zioen joan den astean EH Bilduk, eta horri erantzun gura izan dio EAJk. Adierazi dute Gobernu berria osatzerakoan, elkarlanean aurrerapauso bat eman gura izan zutela EH Bilduri batzorde baten ardura emanda eta zinegotzi bat jardun osoz liberatzeko konpromisoa hartuta. "Lehen urratsetatik nabarmendu zen agintaldi honetako jarrera ez zela aurrekoa izango. Alderdi bera izanda ere lidergo aldaketa izan zen eta politika egiteko beste estilo bat ezarri zuen", adierazi dute.

"Mesfidantza giroa"

Talka ugari izan dituztela urte eta erdian diote, eta "akituta" daudela leialtasun faltarekin: "Borondate onez emandako erraztasun eta baliabideak elkarlanerako beharrean gure proiektuak oztopatu eta bere burua promozionatzeko erabili ditu EH Bilduko bozeramaile eta Udalean liberatua den Ion Albizu jaunak".

"Erabateko mesfidantza" sortzen diela bozeramaileak gaineratu dute, eta egoera horretan ezin dutela elkarlanean jardun: "Ion Albizu ez litzatekeen EH Bilduko kide bat Gobernu batzordean mantentzeko borondatea adierazi dugu". Eta zera gaineratu dute: "Mesfidantza giro honetan ez dago lan egiterik eta HAPO garatzeko ardura gure gain hartuko dugu. Gobernu batzordeko kideari buruz ez dute ezer erantzun; beraz, zain jarraituko dugu". Argitu gura izan dute erabakia EAJren udal taldeko zinegotziek hartu dutela, ez "goitik aginduta".

Era berean, EAJk dio Gobernu batzordea indar korrelazio bat izan beharko litzatekeela adierazi zuela EH Bilduk, eta horri erantzun diote, mezu hori sinesgarria izango litzatekeela EH Bilduk gehiengoa duen herrietan, OÒatin edo Bergaran, jokabide hori erakutsi izan balu.

Aretxabaletarren alde lanean

"Elkarlanean sinistu" arren egoera "jasanezin" bihurtu delako hartu dutela neurri "zorrotz" hori gaineratu dute. Eta, era berean, aretxabaletarren onerako lanean jarraitzeko gertu agertu dira, "gardentasunez eta zintzotasunez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak