Erretiratuak pentsioen igoera eske hasiko dira

Mirari Altube Arrese 2021ko ots. 26a, 19:28
Aitor Alberdi presidentea eta Pedro Etxebarria zuzendaritza batzordeko kidea.

Basotxo erretiratuen elkarteko zuzendaritzak erabaki du elkarretaratzeei berrekitea eta hilabeteko lehenengo astelehenetan batuko dira Herriko Plazan, 12:00etan; martxoaren 1ean egingo dute lehenengoa, ia lau urteren ostean.

Erretiratuek pentsioen aldarrikapenak kalera atera zituztenetik hiru urte bete direnean Agijupens elkarteak –Asociacion Guipuzcoana de Jubilados y Pensionistas– barne hausnarketa egin du. Basotxo erretiratuen elkarteko zuzendaritza batzordeko kideak bat etorri dira hausnarketa horrekin, eta berriro, kalera ateratzea erabaki dute.

Hilabeteko lehenengo astelehenetan elkartuko dira, martxoaren 1ean hasita, Herriko Plazan (12:00), eta gainerako herritarrak ere gonbidatu dituzte haien aldarrikapenak babestera.

Gutxieneko pentsioen igoera

Basotxoko presidente Aitor Alberdi eta Pedro Etxebarria zuzendaritzako kidea bat etorri dira Agijupens elkarteak esandakoarekin: "Pentsiodunok duela hiru urte atera ginen gure aldarrikapenekin. Aurrera egin dugula uste dugu, horietako batzuk lortu egin direlako. Hala ere, gutxieneko pentsioen igoera egiteke dago. Guretzat aldarrikapen garrantzitsuena da, justiziagatik eta elkartasunagatik uste dugu gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatara iritsi behar dela, bizitza duina ziurtatzeko. Gutxieneko pentsioen igoerak gaur egun hilabete amaierara iristen ez diren pertsona askoren ongizateari lagunduko lioke eta, gainera, generoen arteko aldea murriztuko luke".

2017an ekin zieten erretiratuek herrietako elkarretaratzeei, baita Aretxabaletan ere, baina ondoren bertan behera utzi zituzten horiek: "Beste mugimendu batzuk sortu ziren, ildo oso zehatzekoak, eta hainbatetan haiek zioten lelo batzuekin bat ez gentozelako bertan behera utzi genituen mobilizazioak", adierazi dute biek ala biek eta gaineratu: "Gaur egungo langileei edo langabeei dagozkien hainbat aldarrikapen hor daude. Baina beren erakundeei dagokie, besteak beste, sindikatuei, aldarrikapen horiek zehaztea eta horiek lortzeko egin beharreko mobilizazioen buru izatea. Pentsiodunok elkartasuna eta babesa eman diezaiekegu. Baina bi arloak bereizi beharra daudela uste dugu".

Madrilgo gobernuari eskaera

Era berean, argi dute Madrilgo gobernuaren eskumena direla pentsioak eta eskaerak hari egingo dizkiote: "Mobilizaziora deitzen dugu lortu dena ziurtatzeko, gobernuaren aldebakarreko erabakiek atzera egitea ekar ez dezaten. Eta ziurtatzeko pentsio guztiak gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzen direla".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak