EH Bilduk dio EAJrekin zuen lankidetza apurtu egin dela

Mirari Altube Arrese 2021ko ots. 19a, 14:20

HAPOren ardura kendu diotela adierazi du, eta Gobernu Batzordean jarraitzea kolokan dagoela gaineratu.

EH Bilduren udal taldeak prentsa-ohar bidez adierazi du bilera batera deitu zituela EAJk otsailaren 8an. Eta orduan mahai gainean jarritako hainbat konturen berri eman gura izan dute.

Agintaldi hasieran lortutako lankidetza eredua apurtu egin dela diote: "Ez da berri ona inorentzako, elkarrekin egindako bidea positibotzat jotzen dugulako".

Era berean, HAPO garatzeko arduratik kanpo utzi dituztela gaineratu dute: "HAPOren garapenean hartu genuen konpromisoarekin jarraitzen dugu, nahiz eta alkatearen erabakiak ardura horren lidergotik kanpo kokatu. Ez dugu konpartitzen, ezta ulertzen ere erabaki hori".

Gobernu Batzordeko kide izan dira EH Bildukoak orain arte, eta hori "kolokan" dagoela diote: "Gobernu Batzordea indar korrelazioaren isla izan beharko litzateke. Erabakiak pobretu eta gardentasuna kaltetzen dira hori horrela izaten ez denean".

EAJk hartutako erabakia aretxabaletarren interesetik "urrun" kokatzen dela gaineratu dute: "Gure arteko elkarlana eteteko arrazoiak Aretxabaletatik kanpo dauden faktoreek baldintzatuak direla uste dugu".

"Aretxabaletaren alde lanean"

Erabakiak komunean hartzen eta horien burujabe izaten jarraituko dutela adierazi dute oharrean, eta berretsi Aretxabaletaren alde lan egiteko konpromisoa: "Inork ez zuen esan bidaia erraza izango zenik, baina posible dela pentsatzen jarraitzen dugu: aukera objektiboak ikusten ditugu. Guk Aretxabaleta hobetzeko lan egingo dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak