Ekimenei berrekiteko gertu liburutegian

Mirari Altube Arrese 2021ko ots. 17a, 09:23

Pandemia egoerak ekarritako neurriak beteta dihardute lanean, eta erabiltzaile kopuruak behera egin duela igarri dute. Irakurzaletasuna bultzatzeko antolatu izan dituztenak bueltan izango dira datorren hiletik; martxoaren 10ean, esaterako, Onintze Goitiz kontalariak Enaitz pirata ipuinen munduan emanaldia eskainiko du 4 eta 7 urte artekoendako eta izena aurretik eman beharko da.

Maskarak jantzita eta eskuak garbituta sartu behar da Arkupeko udal liburutegian, beste hainbat tokitan legez. Hala, pandemia egoerari aurre egiteko zehaztutako neurriak zorrotz betetzen dihardute azken urtean. Edukiera da aldaketarik handiena, eta erabiltzaile kopuruak behera egin duela igarri dute bertako kideek.

Egun batzuetan, beteta

Edukiera erdira jaitsi dute, eta hori bermatzeko hainbat aulki kendu dituzte mahaietatik. Helduen gunean 24 lagun egon daitezke une berean, haur liburutegian zortzi eta Txiki-txokoan lau. Ordenagailuei dagokienez, helduen gunean zortzitik lau erabil daitezke, eta umeen gunean lautik bi. Abenduan, ikasleen azterketa sasoian, bete egiten zela azaldu du Joseba Lopez de Armentia arduradunak. "Egunkariak irakurtzeko gunean ere jartzen ziren ikasleak orduan. Txiki-txokoa ere segituan betetzen da, eta beste uneren batean etortzeko esan behar izan dugu hainbatetan". Era berean, ohi baino erabiltzaile gutxiago dabilela uste du: "Ezjakintasuna izan daiteke; pentsa, ekainean zabaldu genituen ateak eta irailean galdezka deitzen ziguten ea irekita zegoen. Beldurra dutenak ere badaude". Horren adibide dira datuak: 2019an, 16.990 mailegu eskaera izan ziren; 2020an, 10.270. "Poliki-poliki hasi gara berreskuratzen lehengo datuak", dio Lopez de Armentiak.

Lan karga handiagoa ere ekarri die egoera horrek: "Ordenagailuak, mahaiak zein aulkiak garbitu egin behar ditugulako erabili ondoren". Herritarrek liburuak itzultzen dituztenean, gainera, berrogeialdian uzten dituzte: "Astebetez egon behar dute kaxa batean sartuta. Horrek atzeratu egiten du maileguan hartzeko epea".

Ipuin kontaketak eta solasaldiak

Irakurzaletasuna bultzatzeko helburuarekin ipuin kontaketak antolatu izan dituzte umeendako eta literatura-solasaldiak helduendako. "Iaz, baina, bertan behera utzi behar izan genuen guztia; batetik, egoeragatik, baina, bestetik, Udalak aurrekontua erdira murriztu zuelako bai liburuak erosteko, bai ekitaldietarako".

Aurten ekimenei berrekiteko asmoa agertu du: "Onartzekotan dauden udal aurrekontuan partida leheneratu dutelakoan nago. Hortaz, martxoan bertan ipuin-kontalari bat izango dugu". 

Onintze Goitiz ipuin kontalaria martxoaren 10ean, eguaztenean, etorriko da Enaitz pirata ipuinen munduan emanaldia eskaintzera 4 eta 7 urte arteko neska-mutikoei. 18:30ean izango da eta 50 minuturen bueltako iraupena du. Edukiera kontuak direla eta Arkupeko bigarren solairuan eskainiko dute eta 22 lagunendako lekua dagoenez (umeak heldu batek lagun eginda joan beharko du) izena aurretik eman beharko da; martxoaren 1etik aurrera izena-abizenak eta telefono zenbakia jasoko dituzte liburutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak