Kurtzebarri eskolako kideek gaur, egubakoitza, egingo diote keinutxoa mozorro jaiari. "Herrian ez da ezer ospatuko, baina eskolok tradizio kultural horri eusteko erantzukizuna daukagu", adierazi du Mikel Uribarren zuzendariak. Lantzen diharduten proiektuarekin zerikusia duen ekintzak egingo ditu talde bakoitzak; mozorrotu egingo dira, batzuek dantzak gertatu dituzte eta beste batzuek, bertsoak. "Haur Hezkuntzan itsasoarekin ari direnez, dantza batzuk egingo dituzte eta mozorrotu egingo dira. Lehenengo mailakoak gorputza ari direla lantzen, eta eskeletoz mozorrotuta dantza batzuk prestatu dituzte. 3. eta 4. mailan maskara batzuekin ari dira eta 6. mailakoak Inauterien inguruan bertso batzuk sortu dute".
Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunekoek ere gaur ekingo diote jai giroari ikastolako txarangarekin, eta burbuilatan banatuta eraikinaren aurrealdera irtengo dute goiz partean. Martitzenean jarraipena izango du jaiak: goizean, Euskal Herriko Inauteriak izango dituzte gogoan, eta txino dantza ere egingo dute, eta arratsaldean, mozorro festaren eta desfilearen txanda izango da. "Pandemia honek umorea eta irribarrea ez digu kenduko!", adierazi du Eneritz Urrutia irakasleak.
Pausoka haur eskolan martitzenean ospatuko dute, oraindik erabat zehaztuta ez izan arren. "Taldeetan banatuta izango da, eta, eguraldi ona bada, kanpora irtengo gara 2 eta 3 urtekoekin", azaldu du Jaione Zugastik.