Iñaki Peña medikuak zuzendu eta Arteman Komunikazioak ekoiztutako azken lana da. Heriotza eta dolua ditu hizpide eta Aulki hutsak eta Suaminetik bakera filmekin batera trilogia osatzera dator. Mendi Film Festival-en Euskarazko Film Onenaren saria jaso zuen, gainera, 2020ko abenduan.
Mendian gertatutako heriotza du oinarri, eta horren bueltako hausnarketa sustatzea helburu. "Gazteak izan ohi dira mendian hildakoak, bat-bateko heriotzak dira, traumatikoak. Hori onartu beharra dute, gehienetan, gurasoek eta anaia-arrebek", dio Peñak.
Hainbat testigantza jaso dituzte bertan: batetik, Felipe Uriarte eta Juanjo San Sebastian mendizale ezagunenak; eta, bestetik, heriotzak gertuan bizi izan dituzten hainbatenak. Besteak beste, 2017an Pirinioetan hildako Mikel Crespo aretxabaletarraren senideena eta 2014an Cho Oyu mendian, Himalaian, bizia galdu zuen Xabier Ormazabal urretxuarraren anaiarena.
Korrontzi eta Xabier Amuriza, otsailaren 4an
Musikak ere izango du lekua Arkupeko oholtzan. Santa Ageda bezperan, datorren eguenean (19:00), Koplariak ikuskizuna eskainiko du Korrontzi taldeak, Xabier Amuriza bertsolari, idazle eta ikertzaileak lagun eginda.
Hilaren 11n, ostera, Hezurbeltzak proiektuaren txanda izango da (19:00). Jon Maia bertsolaria, Gorka Hermosa akordeoilaria eta Pitti gitarra-jolea daude horren atzean, eta Poblado Tour ikuskizuna eskaintzera etorriko dira. Migratzaileei eta gizarteak baztertutakoei egindako omenalditxoa da, eta horretarako, poesia, kritika eta umorea erabiliko dituzte melodia ederrekin uztartuta.
Potxin eta Patxin pailazoak
Neska-mutikoek pailazoen ikuskizuna izango dute hilaren 7an, domeka (17:00). Potxin eta Patxin pailazoek Ingurumena zaindu emanaldia eskainiko diete, horren garrantziaren gainean hausnartzeko. Otsailaren 28an, gainera, Behi Bi's taldea etorriko da –urtarrilean atzeratutakoa–, Trabajos de interior lanarekin (19:00).
Caritasen erakusketa
Erakusketa aretoak ere lan berriak hartuko ditu. Oraingoan, Aretxabaletako Caritasek Zu bezalako norbait eskainiko du.