Energia banatzen duten enpresei tasa ezartzea gura du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 29a, 07:46

Lehenengo aurre-kontsulta bat egitea proposatu dio Udal gobernuari, eta horren arabera txosten teknikoa eskatzea. Urte bukaerarako ordenantza idatzita egotea gurako luke, 2022an indarrean jartzeko.

Energia merkaturatzen duten enpresei zerga bat kobratzen die udalek. Zerga hori udalerrian fakturatutako energiaren %1,5ekoa da, eta gaur egun 80.000 euro inguru jasotzen dituela Aretxabaletako Udalak kontzeptu horregatik azaldu du EH Bilduk.

Energia banatzen duten enpresek –elektrizitatea, gasa, argindarra…–, ostera, ez dute inolako tasarik ordaintzen eta EH Bilduk horiei ere ezarri gura die: "Gure lurraldea zeharkatzen duten energia elektrikoaren eta gasaren lineen metro linealengatik kobratuko litzateke, hainbat faktore kontuan hartuta. Gure kasuan, linea ugarik zeharkatzen dute Aretxabaleta". Hainbat udalerrik dagoeneko aplikatzen dutela tasa hori gaineratu dute, horien artean daudela Irun eta Gasteiz.

Urtebete ordenantza zehazteko

Horren berri eman diote Udal gobernuari eta proposatu diote tasa horrek Udalarentzat ekarriko lukeen onuraren gaineko aurre-kontsulta bat egitea: "Tramitazioa ondo egin behar da, kostu bat du, gainera, eta horregatik, kopuruak merezi duen jakin gura dugu aurretik", adierazi du Ion Albizu zinegotziak.

Ordenantza zehazteko txosten tekniko bat idatzi beharko du aurretik aditu batek: "Hori guztia egiteko urtebeteko epea aurreikusi dugu eta ordenantza berria urte bukaerarako gertu izatea gurako genuke, 2022an indarrean jartzeko". Tasa horrekin jasoko litzatekeen dirua "energia-subiranotasuna" lortzeko erabiltzea proposatu dute.

Udal gobernua gaia aztertzekotan geratu dela adierazi dute eta gaineratu, beste udal batzuetan adostasunarekin onartu dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak