Herriko lau pilotarik dihardute Gipuzkoako lau eta erdiko txapelketa jokatzen

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 29a, 15:13

Joan den aste bukaeran ekin zioten eskuz banakako Gipuzkoako lau eta erdiko txapelketari eta UDAko lau pilotarik dihardute nor baino nor gehiago. Gaur, egubakoitza, bi partidu jokatuko dituzte Iturrigorri pilotalekuan, 18:30ean hasita; bata Uribetxebarriak eta bestea, Zugastik.

Juan Mari Errasti entrenatzaileak "hala-moduz" hasi dutela txapelketa adierazi du: "Ager Lanzos jubenilaren aurkariak Beasaindik etorri behar zuen baina herria eremu gorrian zegoenez ezin. Eta Zugasti seniorraren aurkaria konfinatuta zegoenez, hori ere ez zen jokatu". Beste biek jardun zuten, emaitza gazi-gozoekin: Danel Lanzos kadeteak irabazi egin zuen 18-22 Oñatin, eta Joxe Uribetxebarria gazteak galdu 22-4, Lazkaon.

Pilotari gutxi

Entrenatzeko ez dutela arazorik azaldu du Errastik, Udalaren baimena daukatelako Iturrigorri pilotalekua zabaltzeko eta ixteko. "Arazoa da jende gutxi datorrela entrenatzera. Zenbat eta gutxiago etorri okerrago da, ohitura galdu egiten delako. Egia esan gazteak eta nagusiak, guztiak gaude apur bat nahastuta egoera honekin…".  Gaineratu du eremu gorrira pasatzea izango litzatekeela okerrena: "Orduan bai ezingo genukeela entrenatu, ezta partiduak jokatu".

Gaur bi partidu etxean

Gaur, egubakoitza, bi partidu jokatuko dituzte Iturrigorri pilotalekuan, 18:30ean hasita: Uribetxebarriak Oñatiko Ugarteren aurka, eta ondoren, Zugastik Ibarguren legazpiarraren aurka. Lazkaon, ostera, jokatuko du Ager Lanzosek eta Danelek atseden hartuko du. "Herriz mugi gaitezkeen zalantza izan dugu, baina federazioaren baimenarekin joan ahal izango gara", esan du Errastik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak