Domekan, hilak 24, iritsiko da Gu primer! lana Aretxabaletako Zaraia Aretora, 19:00etan. Asier Sotaren zuzendaritzapean, Inazio Tolosa, Ramon Agirre eta Nerea Gorriti aktoreak ditu protagonista domekan Aretxabaletan taularatuko duten lanak. Gidoia eta testuak Egoitz Lasarenak eta Ramon Agirrerenak dira.
Paristik abiatuta, ilargiraino
Antzezlanak Parisen, Artistaren Etxean, bizi diren Inazioren eta Ramonen istorioa du oinarri. Bertan lanean hasi berri den Nereak, baina, programa bat prestatu du bi lagunentzat: kontzertu sorta eskainiko dute, beren errepertorio eta bizipenak kantu-kontatuz. Bertan, balentria handi baten berri emango dute: ez amerikarrak, ez errusiarrak, bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak.
2010ean sortu zuten Agirrek eta Tolosak Xentimorik gabe ikuskizuna. Ondoren etorri ziren Koka-kola eta barea eta Putinen guardasola lanak. Gu primer! azken lanerako sarrerak lau eurotan eskura daitezke, Arkupeko txarteldegian.